Politika -
Tartak jaurti zizkioten
Barcina: 'Inork ez nau inoiz jo, hau izan da lehen aldia'
Nafarroako presidenteak epaiketan azaldu duenez, tartek "min" egin zioten aurpegian eta buruan eta, "erasoa"ren ostean "nahasita" sentitu zen.
2011n Frantziako Tolosan jasan zuen "erasoaren aurrean justizia" eskatu du gaur Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Auzitegi Nazionalean hiru tarta jaurti zizkioten lau akusatuen kontra egiten ari den epaiketan. Agertu duenez, tartek "min" egin zioten aurpegian eta buruan eta, erasoaren ostean, "nahasita" sentitu zen.
Barcinak azaldu duenez, akusatuak aretoko publikoaren artean zeuden, "oso ondo jantzita" eta oharkabean pasatu ziren. "Altxatu, hurbildu eta hiru tarta atera zituzten karpeta batetik, dena oso arin pasatu zen; orduan etorri zen ezustea", erantsi du.
"Hiru tarta bota zizkidaten, horietako bat oso gogor zegoen, eta aurpegian eta buruan min eman zidan. Nahasita sentitu nintzen, handik irteten saiatu nintzen: kolpeak ematen dizkizute buruan eta instintiboki mugitzen zara", gogoratu du.
Agertu duenez, fisikoki eraso duten lehen aldia izan zen ordukoa: "Kolpe gogor bat sentitu nuen, min egin zidan. Inork ez nau inoiz jo, hau izan da lehen aldia".
Akusatuek epaiketan esan dutenarekin, 'harrituta'
Epaiketan deklaratu ostean hedabideei egindako adierazpenetan esan duenez, "harrituta" geratu da lau akusatuek egun hartan Tolosan egon ez zirela entzun duenean.
"Harrituta geratu naiz; irudiak eta bideoak daude, Espainia osoak ikusi ditu. Are, esan berri didate euskal irrati batean han izan zirela esan dutela. Harrituta nago adierazpenokin", nabarmendu du.