Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Permach: 'Gobernuak eta ETAk negoziatu egin behar dute desarmerako'
Ezker abertzaleko ordezkariaren arabera, Euskal Herrian egindako akordioek, herritarren mobilizazioak eta nazioarteko komunitateak mugiaraz dezake Espainiako Gobernua bake prozesuan.
Manu Gimenez / eitb.com
Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak adierazi du Espainiako Gobernuak eta ETAk "negoziatu" egin behar dutela erakunde armatuak armak entregatzeko, baina Madrilen egoera "inmobilista" dela ikusita, Euskal Herrian akordioak egin behar direla, herritarrak mobilizatu behar direla eta nazioarteko komunitatea inplikatu beharra dagoela uste du.
Ezker abertzaleko ordezkariak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "Espainiako Estatuak ez du gatazka konpontzeko borondaterik", eta horren aurrean, "jarrera inmobilistak" mugitzeko, "bakoitzak bere ekarpena" egiteko deia egin du
ETAri desarmatzeko egiten zaien eskarien inguruan galdetuta, Permachek gogorarazi du "hamarkadetan esan dela politikarien aldetik indarkeriarik gabe dena posible izango zela, baina borroka armatua aspaldi amaitu zen eta ikusten dugu zein egoeran gauden, aste honetan bertan Auzitegi Nazionalak komunikabide bat itxi du".
Horren harira, Permachek Aieteko konferentzian adostutako ibilbide orria aldarrikatu du irtenbide gisa. Baina Espainiako Estatua "krisi ekonomiko eta politikoan" murgilduta dagoela eta, prozesua "oztopatzen du pausorik ez emanez", pausoak emateak erabakitzeko eskubidean bidea egitea ahalbidetuko liokeelako Euskal Herriari, ezker abertzaleko kidearen esanetan.
Akordioak prozesuan aurrera egiteko
Madrilen ez dutela erantzunik jasotzen ikusita, Permachek Euskal Herrian bertan akordioak egitea proposatu du aurrera egiteko, "baina Urkullu eta Jaurlaritza Rajoyren gobernuaren menpe" daudela salatu du.
Dena dela, akordioak hiru oinarriren inguruan egin beharko liratekeela iritzi dio: sufrimendu guztien aitortza ("era guztietako biktimak daudela onartzea urrats garrantzitsua litzateke"), presoen egoerari premiazko irtenbidea ematea eta elkarbizitza demokratikorako akordioa ("euskal herritarrok etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu").
Hori horrela, biktimen alorrean aurrerapausoak eman direla azpimarratu du, Euskal Herriko "klase politikoak orain bestelako indarkeria eta biktimak egon direla" aitortu baitu.