Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Biktima 'guztiei' irekitako omenaldia egitea proposatu du Rosa Roderok
ETAk 1993. urtean hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak bere senarra zenaren omenez egingo duten ekitaldia "biktima eta alderdi politiko guztiei" irekitzea proposatu du.
Erredakzioa
Rosa Rodero ETAk 1993. urtean hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak bere senarra zenaren omenez egingo duten ekitaldia "biktima eta alderdi politiko guztiei" irekitzea proposatu du.
Roderoren esanetan, omenaldia ez da "ekitaldi politikoa" izango, eta bertara alderdi politiko guztietako ordezkariak joatea espero duela gaineratu du, baita ezker abertzalekoak ere.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, omenaldia hilaren 22an, Bilbon, egingo dutela zehaztu du. ETAk jarduera armatua utzi zuenetik bi urte bete direla ere ospatuko dute bertan. "Datorrena datorrela, ongi etorria izango da", gaineratu du. Dagoeneko Santi Brouarden eta Lasa eta Zabalaren senitartekoekin hitz egin duela azaldu du Roderok. "Biktima guztien mina berdina da", nabarmendu du.
"Mundu guztiak" bazekien 'Parot doktrina' izenaz ezagutu dena "legez kanpokoa" zela, Roderoren ustez, eta ETAko presoak kartzeletatik ateratzen hasi izanaren inguruan sortutako ikusmina ez duela ulertzen gaineratu du. "Aurretik ere atera izan dira ETAko kideak espetxetik, damututa ala damutu gabe, eta orain arte inork ez du ezer esan", esan du. Roderoren iritziz, horren harian Terrorismoaren Biktimen Elkartearen ahotsa besterik ez da entzun, biktimen kolektiboan "gutxiengo bat" ordezkatzen duen eta horren ahots "politikoa" den taldearena, hain zuzen.