Politika -
Udaletxeko plaza
Jendetza bildu da Iruñean ikurrinari eta auzipetuei babesa adierazteko
Elkartasuna helarazi diete 2010eko txupinazoan ikurrina bat zabaltzen saiatzeagatik udaltzainekin izan zituzten istiluen ondorioz auzipetutako 13 lagunei.
Erredakzioa
Mila pertsonatik gora elkartu dira gaur Iruñeko udaletxeko plazan, ikurrinari eta, 2010eko txupinazoan, ikurrina bat zabaltzen saiatzeagatik, udaltzainekin izan zituzten istiluen ondorioz auzipetutako 13 lagunei.
Bertaratutako lagunetatik, 500ek mosaiko karratua egin dute. Karratu horren erdi batean ikurrinaren erdia osatu dute, eta, beste erdian, Nafarroako bandera. Ondoan, beste dozenaka lagun batzuk ikurrina handi bat zabaldu dute, txalo eta "Ikurriña aurrera!", "Ikurriña bai, española ez" eta "Independentzia" oihuen artean.
2010eko txupinazoko istiluengatik auzipetutako 13 lagunen kontrako epaiketa azaroaren 18an hasiko da. Atentatua, desordena publikoak eta lesioak eragitea egozten diete. Udaletxeko plazan ikurrina zabaltzen saiatu ziren auzipetuak, baina udaltzainek aurre egin zieten eta hor sortu ziren istiluak.
Gaurko elkartasun ekitaldia "Iruñea Askatasunez" ekimenak antolatu du, ikurrinaren alde egindako ekintzengatik auzipetutakoei elkartasuna adierazteko sortutako ekimenak. Izan ere, gogoan izan dituzte, era berean, aurtengo sanferminetako txupinazoa atzeratu zuen ikurrina jartzeagatik auzipetu dituzten beste lau lagunak ere.