Politika -

Parot doktrina

Biktimen elkarteek Espainiako Gobernuaren "utzikeria" salatu dute

Auzitegi Nazionalaren "bihozgabetasuna" ere gaitzetsi dute. "Harrigarria" iruditzen zaie Grande Marlaska epaileak bederatzi ETAko preso libre uzteko eman duen botoa.

Ángeles Pedraza, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidentea, artxiboko irudi batean.
Ángeles Pedraza
Ángeles Pedraza, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidentea, artxiboko irudi batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren "utzikeria" eta "berariazko profil baxua" salatu dute terrorismoaren biktimen elkarteek eta fundazioek, baita Auzitegi Nazionaleko eta Bartzelonako Auzitegi Probintzialeko epaileen "bihozgabetasuna" ere. Izan ere, urriaren 21ean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaia aplikatuz, hamaika ETAko preso askatu zituzten ostiralean.

Adierazpena honakoek izenpetu dute: Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT), Duintasuna eta Justizia Elkartea, Terrorismoaren Biktimen Elkartasunerako Plataforma Elkartea, Terrorismoaren aurkako Ahotsak, M-11ren Biktimen Babeserako Elkartea, Ermuko Foroa, Valentziako Erkidegoko Terrorismoaren Biktimen Elkartea, Muñoz Cariñanos Fundazioa eta Luis Portero Garcia Fundazioa.

Mariano Rajoyren Gobernuaren "utzikeria" eta "berariazko profil baxua" salatu dute erakunde horiek, batez ere, ezker abertzaleak burututako "nazioarteko propaganda" kanpainaren presioari aurre egiteko garaian. "Amaiera grotesko" hori izan ez zezan, 2012ko urrian eta 2013ko martxoan biktimek Gobernuari abisatu omen zioten ezker abertzalearen jarduera zer-nolakoa zen. "Gobernuak ongi zekien Estatuko Abokatutzari argibideak ematea ez zela nahikoa Europako Auzitegiaren epaiari aurre egiteko. Askotan, behar den zerbait ez egiteak behar ez dena egiteak bezain ondorio maltzurrak izan ditzake", adierazi dute.

Gainera, Auzitegi Nazionalak "modu irregularrean, ezin justifikatuzkoan, arduragabean eta bihozgabean" jokatu duela salatu dute, ez baitzen Auzitegi Gorenaren Osoko Bilkuraren erabakiaren zain egon (azaroaren 12rako dago aurreikusita) Ines Del Rioren epaia zein irizpideri jarraituz aplikatu behar den zehazteko.

"Bereziki mingarria" iruditu zaie erakunde horiei Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak "bat-batean" hartutako erabakia, Fernando Grande Marlaska presidenteak emandako kalitateko boto "harrigarria" eta gero. Boto horrekin, bederatzi ETAko preso libre gelditu dira, eta, erakunde horien ustez, "ez dute euren krimenekiko inolako damurik erakutsi, eta biktimei barkamenik ez diete eskatu".

Biktimek Gobernuari azaldu diote "prestakuntza berezia" dutela justiziarako eskubidea egikaritzeko eta gai horiekiko "ahotsa" izateko, nahiz eta politikak diseinatzeko eskumenik ez izan. "Gure gizarteak ezin du ahaztu zuzenbide-estatu batean, justiziarako eskubidea ez dela ez negoziagarria, ezta erlatiboa ere. Edozein motatako inpunitatea onartzen bada, biktima askok ezingo dute euren dolua bete. Horregatik, beharrezkoa da terrorismoa legez eta justiziarekin amaitzea", adierazi dute.

 

Epaia ez aplikatzeko tartea

Aurrekoarekin lotuta, elkarteek Gobernuari gogorarazi diote Estatuak baduela tartea, "pixka bat bada ere", Estrasburgoko epaia betetzea atzeratzeko. Egungo esparru juridikoak ez duela nazioarteko auzitegi horren epaiak Espainian egikaritzea onartzen adierazi dute. Izan ere, ez omen dago lege organikorik martxan epai horiek betetzea aipatzen duenik erabaki judizial irmoen berrikuspenerako arrazoi legalen artean.

Azkenik, Giza Eskubideen Hitzarmen Europarraren 46. artikuluko 3 eta 5 puntuen artean aipatzen denez, Espainiak, Ministroen Batzordearen bitartez, Auzitegiari epaiaren egikaritzearen beharrezko berrikuspena eska dakiokela ohartarazi dute biktimen elkarteek. Hori horrela, erabaki irmoen berrikuspena barnean hartzen duen Zigor Kodearen erreforma onartu arte, Estrasburgoko epaiak ezin dituela bete esan ei dezake Espainiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Doktrina parot albisteak Politika Espainiako Gobernua bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Espetxe politika Terrorismoaren Biktimak Estrasburgoko Auzitegia epaiak