Politika -
Iruñea
Txupinazoko ikurrina zabaldu zutelakoan atxilotutakoak, aske karguekin
Atzo Berriozarren eta Iruñean atxilotu zituzten sei lagunei ordena publikoaren aurkako delitu bat egotzi diete, sanferminetako txupinazoan ikurrin erraldoia zabaldu zutelakoan.
Erredakzioa
Iruñeko instrukzioko 2 zenbakiko epaitegiko epaileak atzo Berriozarren eta Iruñean atxilotu zituzten sei pertsonak aske utzi ditu, karguekin. Aurtengo sanferminetako txupinazoan Udaletxeko plazan zabaldu zuten ikurrinarekin lotura izatea leporatu diete seiei.
Epaileak hilean behin epaitegira joateko agindua helarazi die auzpetuei, horiek deklaratzeari uko egin eta gero, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Autoaren aurkako helegitea jarri ahal da orain.
Sei atxilotuak eta Patricia Perales Bilduk Iruñeko Udalean duen zinegotziak deklaratu dute gaur epailearen aurrean. Perales inputatu gisa agertu da, "eskubide konstituzionalak bermatze aldera", nahiz eta oraingoz epaileak ez dion inongo ebazpen judizialetan deliturik leporatu.
Instrukzioan, inputatuei sakelako telefonoak kentzea agindu du epaileak, eta horien profil genetikoaren lagin bana hartzea ere eskatu du, gertakariak izan ziren tokian jasotako arrastoekin erkatu ahal izateko.
Horrez gain, epaileak ikurrina zabaldu aurreko egunetan zinegotziaren eta inputatuetako biren artean izan ziren elkarrizketak ikertzeko agindua eman du.
Autoan magistratuak adierazi duenez, uztailaren 6an 12:00etan Udaletxeko plazan ikurrina zabaldu zutenak atxilotuak izan zirela esateko "zantzu argiak" daude, egindako ikerketetan oinarrituta.
Halaber, gertakari horrek ia hogei minutu atzeratu zuen San Fermin jaien hasiera adierazteko txupinazoa, eta "arriskutsua izan zen argi eta garbi" orduan plazan zeuden milaka pertsonentzat.
Epailearen iritziz, ordena publikoaren delitu "larria" da egindakoa, ondorio nabarmenak izan baitzituen.
Idatziak dioenez, akusatuek San Fermin bezperako ekintzetan parte hartu zutela esateko zantzu "asko" daude, hala nola telefono mugikorretako deiak eta kokapen datuak, bandera zabaldu zen tokian detektatutako hatz-markak eta delitua egiteko erabili zituzten hainbat gai erosi zituztela dioten paperak.