Politika -

Faisan Auzia

Urte eta erdiko espetxe-zigorra ETAri abisua eman zioten poliziei

Hori dela eta, Enrique Pamies Polizia Nazionaleko Euskadiko burua eta Jose Maria Ballesteros inspektorea ez dituzte kartzelan sartuko.

Zigortutako poliziak, epaiketan. Irudia: EFE
Zigortutako poliziak, epaiketan. Irudia: EFE
Zigortutako poliziak, epaiketan. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak urte eta erdiko kartzela-zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea ezarri die Enrique Pamies Polizia Nazionaleko Euskadiko buruari eta Jose Maria Ballesteros inspektoreari, Faisan tabernan ETAri abisua emateagatik eta, ondorioz, polizia operazio batek porrot egitea eragiteagatik.

Auzitegi Nazionalak emandako epaia Auzitegi Gorenak berretsi arte, baina, ez dituzte Poliziatik kanporatuko, Poliziako iturriek azaldu dutenez.

Poliziaren Diziplina Erregimena aipatuta iturri horiek azaldu dutenez, gaitasungabetzeak Poliziatik berehala kaleratzea dakar, baina epaia Gorenak berretsi behar duela azpimarratu dute.

Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren aurrean, Enrique Pamiesek eta Jose Maria Ballesterosek helegitea jartzea espero dute.

Iturri horien arabera, bi urte baino gutxiagoko zigorra izanda, eta zigor aurrekaririk ez dutenez, ez dituzte kartzelan sartuko, baina Poliziatik kaleratu beharko dituzte.

Gaitasungabetzeko lau urte horietan, ezingo dituzte funtzionario publiko baten lanak egin, eta, behin urte horiek igarota, ezingo dira aurreko lanpostuetara bueltatu. Nahi izanez gero, baina, agente izateko aukera izango dute, ohiko bideei jarraituta.

Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen burua zen garai hartan, eta gaur egun komisario da Huescan. Jose Maria Ballesteros, berriz, inspektore zen EAEn, eta egun Poliziaren Buruzagitzan ari da lanean, Errioxan.

Epaiketan egindako deklarazioak

Filtrazioak 108.000 euro berreskuratzea eragotzi zuela ziurtatu zuen Carlos Germanek, Faisan tabernan ETAri emandako ezkutuko informazioa ikertu zuen polizia-komisarioak. ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuela erantsi zuen; izan ere, atxilotuei "ez zieten ezer atzeman".

Bestalde, Joseba Elosua Faisan tabernako jabe eta ETAko estortsio taldeko kideak aitortu zuenez, ezagutzen zuen ETAko kide bat atxilotu behar zutela ohartarazi zion pertsona batek telefonoz 2006an. Deiak "erabat lelotuta" utzi zuela gaineratu zuen. Polizia batek deitu ziola uste zuela esan zuen Elosuak.

Halaber, ETAren kontrako polizia operazioa geldiarazteko 'agindu politikorik' ez zuela jaso eta ez lukeela inoiz halakorik onartuko adierazi zuen Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen buruak 'Faisan auzia'ren epaiketan.

Carlos Bautista fiskalak honakoa galdetu zion Pamiesi Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan: "Jaso al zenuen Urogallo operazioa geldiarazteko agindu politikorik?". "Ez, ezta gutxiago ere; ez nuke onartuko, gainera", erantzun zuen poliziaburu ohiak.

Horrez gain, Joseba Elosua Irungo Faisan tabernako jabearekin ez zuela inoiz telefonoz hitz egin azpimarratu zuen.

Barne Ministerioak ez du erabakirik hartuko

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi duenez, ministerioak ez du erabakarik hartuko Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesterosen inguruan.

"Epaia irmoa denean, errekurtsoak egiteko aukera guztiak agortu direnean eta horren berri dugunean, epaia bete egingo da. Une hori heldu bitartean ministerioan ez dugu inongo erabakirik hartuko", esan du bi kondenatuak lanpostutik kenduko dituen edo ez galdetuta.

Ministroak ez du "balorapenik" egin nahi izan eta bere lana epaiak betetzea dela adierazi du.

Epaiak PP oposizioan zegoenean egindako kritikak baieztatzen dituen ere galdetu diote ministroari kazetariek. "Ez dut PPren izenean hitz egiten eta ministro bezala, ez dut epaien inguruko iritzirik eman behar, iristen den momentuan onartu baizik. Noiz izango den hori? Epaia irmoa denean. Nola? Betetzen", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea