Politika -

Alkateen konferentzia

Izagirrek atsekabea agertu die terrorismoaren biktimei

Gaur eta bihar egingo dute Donostian alkateen bake-konferentzia. 30 bat alkatek, hainbat erakunderen ordezkariak eta nazioarteko adituek parte hartuko dute bertan.

Donostiako alkatea, Belfasteko alkatearekin eta Martin Garitanorekin. EFE.
Donostiako alkatea, Belfasteko alkatearekin eta Martin Garitanorekin. EFE.
Nazioarteko alkateen bake-konferentzia hartu du Donostiak

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eman dio hasiera nazioarteko alkateen konferentziari. Terrorismoaren biktimei, "bihotzez" bere "atsekabea" adierazi die urteotan pairatutako sufrimenduagatik. "ETAren, Estatuaren eta gerra zikinaren" biktimei zuzendu zaie Izagirre.

Gaur eta bihar egingo dute Donostian alkateen konferentzia. 30 bat alkatek, hainbat erakunderen ordezkariak eta nazioarteko adituek parte hartuko dute bertan.

Bildu, Amaiur eta ezker abertzaleko hainbat ordezkari joan dira gaur hitzaldira, tartean Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Pernando Barrena eta Joxean Agirre (Sortu). Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJren bozeramailea ere hitzaldian izan da, Elgoibarreko (EAJ) eta Errenteriako (Bildu) alkateekin batera. Tokiko erakundeen ekarpenen inguruan eztabaidatuko dute Donostiako konferentzian. PPk eta biktimen elkarteek kritika gogorrak egin dituzte ekimen horren kontra. PSE-EEko alkate bakar bat joan da ekitaldira, Jose Antonio Santano (Irun). Aieteko Jauregira heldu denean, ikusmina piztu du kazetarien artean.

Donostiako alkateak eman dio hasiera konferentziari. Terrorismoaren biktimei bere "atsekabea" agertu die azken hamarkadetan "pairatutako sufrimenduagatik". "Berriz ere gertatu ez dadin" lan egiteko konpromisoa ere adierazi du Donostiako alkateak. "Biktima guztiek oroimena, aitortza eta justizia behar dute", esan du. Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute biktimak gogoratzeko.

Donostiako Nazioarteko Konferentziaren helburua "xumea eta apala" dela esan du Izagirrek, eta orain bi urte Aieten egindako hitzaldi "historikoa" gogora ekarri du.

Bakea lortzeko "denen ekarpenak eta esfortzuak" behar dira, Donostiako alkatearen hitzetan. "Gauza asko egin ditzakegu udaletatik", gaineratu du.

Bestalde, Martin Garitanok esan du bai Gipuzkoak eta baita Euskadik ere gatazka "hurbiletik" bizi izan duten "kolore askotako" alkateak dituztela. "Denetarik ikusi dugu: heriotzak, ilegalizazioak, presioak, mehatxuak, atxiloketak, indarkeria... Inork ezin digu Gipuzkoako 88 alkateei azaldu bakea lortzeko borondatea zer den", azpimarratu du. "Gipuzkoan bakea lortzeko egarri handia dago", azpimarratu du.

Gipuzkoako alkateei egindako lana eskertu die Garitanok, baina Euskal Herrian garai "errazak ez" direla bizi nabarmendu du. "Batzuek bakeari gerra deklaratu diote", esan du.

Hala ere, "bake justu baten ateak" irekitzeko gai izango direla gaineratu du, "orain bi urte eraikin honetan bertan egin genuen bezala". Horregatik, hitzaldira joan direnei "laguntza" eskatu die Euskal Herriari jarritako "oztopoak" gainditu ahal izateko; izan ere, "guztion artean lortu egingo dugu".

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak azpimarratu du iragana argitzeko "beharra" dagoela, eta etorkizuna ezin dela eraiki "ezer gertatu izan ez balitz bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea