Politika -
Katalunian
Camachok PPk 'trantsizio berri bat' gidatzea proposatu du
Sanchez-Camachok PPk Espainian"trantsizio berri bat" gidatzea proposatu du, subiranotasun prozesuari irtenbide bat emateko. Horretarako, finantzaketa ereduan aldaketa egin behar dela gaineratu du.
Erredakzioa
Kalaluniako subiranotasun prozesuari irtenbide bat emateko, Espainian "trantsizio berri bat" gidatzea proposatu die Alicia Sanchez-Camacho PPCko buruak bere alderdiaren zuzendaritzari eta Mariano Rajoy presidenteari. Horretarako, Kataluniarako finantzaketa ereduan aldaketa sakona egin beharko dela gaineratu du.
Ser irrati katean azaldu duenez, proposamen berria aurkeztuko du gaur Madrilen, PPko zuzendaritzaren bilera batean. Proposamenak Rajoyren onespenik oraindik ez duela gaineratu du, baina "aztertzen" ari direla.
"PPk estatu mailan Kataluniako arazoari irtenbide bat eta erantzun bat emateko gidaritza izan behar du. Gauzak dauden moduan ezin daitezke utzi, ezer egin gabe ezin gaitezke gera. Finantzaketa ereduan aldaketa sakona bultzatu behar dugu. Trantsizio berri bati hasiera eman behar diogu", adierazi du Sanchez-Camachok.
PPCko buruak berak egindako planteamendua alderdiak aintzakotzat hartzea espero du, eta eredu autonomikoaren disfuntzioak berrikusi eta finantziazio eredu berri bat bultzatu behar direla gaineratu du.
"Kataluniak EAEko kontzertu ekonomikorik, itun fiskalik ezin ditzake eduki, baina bi alorretan aldaketak egin daitezke. Solidaritateari mugak jar diezazkiokegu eta ordinalitatearen printzipioan ere aldaketak egin daitezke. Irabaziak ezin daitezke beste erkidegoetara bidali, eta, erkidego horietan zergak jaisten dituzten bitartean, Katalunian presio fiskala oso altua izatea ez da bidezkoa", azpimarratu du Sanchez-Camachok.
PPCko presidentearen esanetan, bere proposamena Espainia osorako finantzaketa eredu berri bat da, eta ez erkidego jakin baterako eredua. Halaber, Josep Antoni Duran i Lleidak proposatutako "hirugarren bidea" abiatzearekin ez datorrela bat gaineratu du, "elkarrizketa baita irtenbide bakarra", horren aburuz.