Politika -
Urte judizialaren irekiera
Euskal Justizia, 'ustelkeriaren aurkako borrokan laguntzeko prest'
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak "baliabide gehiago" eta "talde mailako ahalegina" eskatu ditu, "auzitegien justizia ez baita gizarte politikoa arautzeko tresna".
Erredakzioa
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Juan Calparsoro fiskal nagusiak auzitegien laguntza eskaini dute gaur, ustelkeriaren aurka borrokatzeko, baina "talde mailako ahalegina" aldarrikatu dute, zigorgabetasun sentsazioa desager dadin.
Ibarrak eta Calparsorok urte judiziala zabaltzeko ekitaldi ofizialean egin dituzte adierazpen horiek, Bilboko Justizia Jauregian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka Justizia sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua bertan zirela.
Herritarrek erakundeekiko konfiantza galdu duten itxuraren aurrean, Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak epaileen lana eskaini du, berdintasun eta elkartasun balioak bermatuta geldi daitezen.
"Justizia Administraziotik, bizikidetza eta erakunde sistema biziberritzen lagundu ahal dugu, administrazio mailako ustelkeriak eta ustelkeria politiko eta ekonomikoak gogor jo eta gero", nabarmendu du.
Hala ere, zuzenbide penala eta "auzitegietako justizia" ez dira gizarte politikoa arautzeko neurriak, Ibarraren hitzetan, eta, hortaz, "ustelkeriaren aurka behar den bezala borrokatzeko ahalegin kolektiboa behar dugu".
Calparsorok baliabide gehiago eskatu ditu
EAEko fiskal nagusiak, Juan Calparsorok, ere hartu du hizpide ustelkeria: "Behar bezain indartsu eta irmo jokatzen ez badugu, zigorgabetasun sentsazioa handitzeko eta, ondorioz, ustelkeria eta jokabide bidegabeak zabaltzeko arriskua dago", esan du.
Berriz ere, fiskalak “baliabide gutxiegi” edukitzea deitoratu du, eta hori “askotan luzeegi joaten diren” kasuetan “oztopo nabarmena” dela gehitu du.