Politika -
Elkarrizketa
Urkullu: 'Desarmerako pauso ezak prozesua baldintzatzen du'
Lehendakariak aitortu du 2015erako estatus politiko berria Legebiltzarreko alderdi guztien artean adostea oso zaila izango dela, baina itxaropenari eusten diola berretsi du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak uste du ETAk desarmerako urratsik ez emateak goitik behera baldintzatzen duela bake prozesua. Bere hitzetan, Euskal Herriaren burujabetza lortzeko bidean aurrera egitea oztopatzen du erakunde armatuak.
EFEri eskainitako elkarrizketan, Urkulluk aitortu du 2015erako estatus politiko berria Legebiltzarreko alderdi guztien artean adostea oso zaila izango dela, baina itxaropenari eusten diola berretsi du.
"Denon artean egin behar dugu lana, baina aurreneko urrats arduratsua ETAri exijitu behar diogu", esan du. Hala, desarmerako pausuak eman ditzala eskatu dio lehendakariak talde armatuari, "bizikidetzan eta normalizazioan aurrera egiteko".
Urkulluren ustez, ETAk armak entregatzeko erakusten ari den "borondate ezak" goitik behera baldintzatzen du alderdien eta Espainiako Gobernuaren jarrera.
ETAk desarmerako urratsak emateak bidea asko erraztuko lukeelakoan dago lehendakaria, besteak beste, Espainiako Gobernuak pausuak emango lituzkeelako eta presoei dagokienez aurrerapausoak emango liratekeelako. Bere hitzetan, gainera, gizarteak eta alderdiek ontzat emango lituzkete pausu horiek.
Zerga-ituna
EAJk eta PSE-EEk adostu berri duten zerga-itunaz ere aritu da Urkullu. EH-Bilduren jarrera gogor kritikatu du, koalizioa ‘antipodetan’ dagoela esanez. Aderdi Popularraren jarrerari dagokionez, berriz, lehendakariak badu popularrak itunera batzeko itxaropena.
"Badirudi, EAJk eta PSE-EEk defendatzen dutenaren antipodetan dagoela EH-Bildu. Ezker abertzaleko koalizioak proposatzen duen eredu sozioekonomikoak ez du zerikusirik zerga itunean jasotzen den ereduarekin", esan du lehendakariak