Politika -

Elkarrizketa

Garitano: 'Estatu ituna dago EAJren eta PSE-EEren akordioaren atzean'

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, "Ardanza eta Ramon Jaureguiren garaira" itzuli dira jeltzale eta sozialistak.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez / eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak salatu du "Estatu ituna" dagoela EAJren eta PSE-EEren arteko zerga-itunaren atzean, eta akordioak datozen hauteskundeei begiratzen diela.

Garitanok Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJ eta PSE-EE "Ardanzaren eta Ramon Jaureguiren garaira itzuli dira", eta estatu-ituna egin dute, "itun estrategikoa".

"Espainiako Estatuak arazo asko ditu, Kataluniaren eta Euskal Herriaren aldarrikapen nazionalak tarteko. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak jeltzaleak estutu ditu eta itun estrategikoa egitera bultzatu ditu", gaineratu du agintari gipuzkoarrak.

Hori dela eta, eta zerga alorrean eta nazio eraikuntzan "atzerapausoa" litzatekeelako, Garitanok uste du Bilduk ez duela inoiz bat egingo EAJ-PSE itunarekin.

Harremana EAJrekin

Gipuzkoan EAJrekin duten harremana gaiztotuta ote dagoen galdetuta, ahaldun nagusiak erantzun du jeltzaleak "oso deseroso" sentitzen direla momentu askotan, Aldundiak "agerian uzten baititu aurreko kudeaketaren arazoak".

Horren harira, Bidegiren 900 milioi euroko zorra aipatu du, eta 2014ko urrian martxan jarriko dituzten bidesariak aurreko agintarien kudeaketa txarraren ondorio direla azpimarratu du.

"Zor hori ordaintzen hasi beharra dago, eta ez dugu nahi zorra Aldundiaren aurrekontuari lotzea, gizarte politiken murrizketa ekarriko duelako. Horregatik, bidesarien bitartez ordaintzea proposatu dugu. Horren kontra dagoenak, azal dezala zergatik dagoen edo nola egingo lukeen", gaineratu du.

Zentzu horretan, Garitanok argi adierazi du "gipuzkoar gehienek" ez dutela bidesaria ordainduko, "garraiolariek bakarrik" ordainduko dutela, Europako legediak ez baitu garraiolariei salbuespeneko neurriak jartzen uzten.

Deskargako obrak

Deskargako lanetan izan zen lan-ezbeharraren ostean Aballa azpikontratarekin zuen kontratua behin behinean eten dutela eta, Garitanok azaldu du "susmoa" dutela enpresa horrek "ez dituela lan-baldintzak betetzen" eta hori egiaztatu arte baztertu egingo dutela.

Gainera, sindikatuei kontrol lana ahalbidetzeko neurriak hartu dituztela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea