Politika -

Faisan auzia

Salakeriaren deiak 'lelotuta' utzi zuela onartu du Elosuak

Gizon batek beragatik galdetu eta mugikor bat eman ziola adierazi du Faisan tabernako jabeak. Telefonoz "bere lagun" bati miaketa egin behar ziotela esan zion beste gizon batek.

Joseba Elosua Faisan tabernako jabeak eta ETAko estortsio taldeko kidea. EFE
Joseba Elosua Faisan tabernako jabeak eta ETAko estortsio taldeko kidea. EFE
Elosuak operazio baten berri emanez deia jaso zuela baieztatu du

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Elosua Faisan tabernako jabeak eta ETAko estortsio taldeko kideak aitortu duenez, ezagutzen zuen ETAko kide bat atxilotu behar zutela ohartarazi zion pertsona batek telefonoz 2006an. Deiak "erabat lelotuta" utzi zuela gaineratu du. Polizia batek deitu zuela uste du Elosuak.

Auzitegi Nazionalean egindako deklarazioa behin eta berriro moztu du epaitegiko presidenteak. 2006ko maiatzaren 4an gizon batek beragatik galdetu zuen tabernan, eta mugikor bat eman ziola adierazi du Elosuak. Telefonoz "bere lagun" bati miaketa egin behar ziotela esan zion beste gizon batek.

Elosuaren hitzetan, bere laguna, ETAko estortsio taldeko kidea, tabernara joan behar zuela esan zion gizonak (ustez Jose Maria Ballesteros inspektoreak). Antza denez, mugan atxilotu behar zutela esan zion salatariak. Ezkutuko informazioak Elosua "lelotuta" utzi zuen.

Deiaren egilea polizia bat zela pentsatu zuen, "arduragaberen edo xelebreren batek", eta elkarrizketak harrituta utzi zuen: "Bai zera!".

Bertsio ezberdinak azaldu ditu Elosuak; izan ere, telefonoaren beste aldean polizia bat ote zuen ez du ziurtatu eta tabernara heldu zenetik mugikorra eman zion gizona sartu zen arte zenbat denbora igaro zen ez du zehaztu, ezta deiaren iraupena ere.

"Hasieratik polizia batekin hitz egiten ari ez nintzela buruan nuen; adarra jotzen ari zitzaidan batekin ari nintzela, alegia (...) polizia izatea funtsik ez zuelako", baina ondoren zera esan du: "Ba noski poliziaren bat izan behar zuen, bestela zibil batek ezin izango luke Cau atxiki".

"Berehala esan nion: 'Adarra jotzen ari zara, ez?'", azaldu du Elosuak.

Tabernan sartu zen gizona "pipor samarra" zela esan du Elosuak. Bestalde, ezezagunak ileordea eraman zezakeela, 45 edo 50 zituela eta Extremadurako doinua zuela azaldu du.

Filtrazioa

Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros Polizia buruak epaitzen ari dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Faisan auzia dela eta.

Epaiketaren bigarren egunean, Carlos German, ETAren estortsio aparatuaren kontrako operazio ustela zuzendu eta ETAri horren berri nork eman zion ikertzeko ardura izan zuen komisarioak deklaratu du.

Germanen laguntzaileak ere deklaratu du gaurkoan. Berak adierazi duenez, Jose Maria Ballesteros, Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore zena, eta Enrique Pamies Espainiako Poliziaren EAEko buruzagi ohia, dira salatari posible bakarrak.

Fiskalaren arabera, 2006. urteko maiatzaren 4an, Pamies Irungo Faisan tabernara joan zen, eta polizia-operazio bat prestatzen ari zirela esan zion Joseba Elosuari, taberna horren jabe eta ETAko estortsio sareko ustezko kideari, ETAk abiatutako bake prozesua ez apurtzeko.

Akusazioaren arabera, ezkutuko informazioa Pamiesek eman zuen baina sakeleko telefonoa Ballesterosek eman zion Elosuari, Pamiesek aginduta. Horrela, tabernaren barruan, Pamiesek Elosuarekin hitz egiteko aukera izan zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea