Politika -

Erreforma fiskala

Ituna beste alderdietara irekita dagoela berretsi dute EAJk eta PSEk

PPk, baina, ''zail'' ikusten du itun horrekin bat egitea, dagoeneko ''itxita'' dagoela uste duelako. ''Ibilbide zabaleko'' akordioa lortzeko eskaintza berretsi du Quirogak.

PPko ordezkariekin bildu dira EAJ eta PSE-EE, ituna aztertzeko. Efe
PPko ordezkariekin bildu dira EAJ eta PSE-EE
PPk akordioa itxita dagoela salatu du

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSEk adostutako erreforma fiskalaren inguruko ituna gainerako alderdiei eta proposamen berriei irekita dagoela berretsi dute bi alderdiek ostiral honetan. Euskadiko PPren ustez, baina, akordioa dagoeneko ''itxita'' dago, eta, beraz, ''zail'' ikusten du horrekin bat egitea.

Ostiral honetan, PPko ordezkariekin bilera egin dute EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean, joan den astelehenean jeltzaleek eta sozialistek lortutako akordio fiskalaren nondik norakoak azaltzeko.

EAJren eta PSEren ustez, Euskadiko PPk ekarpenak egin ahal dizkio itun horri, kontuan izanda Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan duen ordezkaritza maila eta Arabako Foru Aldundiko buru dela.

Ildo horretan, neurri ''zehatzak'' aurkeztera deitu dute PP, neurri horiek ''sakon aztertu'' ahal izateko.

PPk ''zail'' ikusten du itunarekin bat egitea

Arantza Quiroga Euskadiko PPko buruak, baina, ''zail'' ikusten du akordio horrekin bat egitea, horren hitzetan hirugarren alderdi bati ''itxita'' baitago akordioa.

Bilerara elkarrizketarako asmoarekin joan arren, EAJren eta PSE-EEren ''joko bikoitza''rekin topo egin duela azaldu du. Quirogaren ustez, akordioa irekita dagoela esan badute ere, ''aldaketei itxita'' aurkeztu diote ituna jeltzaleek eta sozialistek.

Euskadiko PPk gainerako alderdiekin ''ulertzeko'' duen asmoa agerikoa dela azpimarratu du Quirogak, ''baina zaila da norbera bertara sartzea, akordio itxi egin diotenean'', gaineratu du.

''Ibilbide zabaleko'' akordiorako asmoa berretsi du

Egun itxita dagoen akordioa izan arren, astelehenetik aurrera (sinatzen denetik aurrera) berau zabaldu behar izango dutela uste du PPko buruak, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurrera egin dezan.

Hala, Quirogak azpimarratu du Euskadiko PPren asmoa itun fiskala sinatzea baino urrunago dagoela. Ildo horretan, prest agertu da EAJrekin eta PSE-EErekin ''ekonomikoki, sozialki eta maila politikoan ituna'' egiteko.

Horretarako, Iñigo Urkullu lehendakariak esku har dezan eskatu du, Quirogaren hitzetan Euskadiren egoerak behartu egiten baitu egungo politika harremanen ereduak berriz aztertzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea