Politika -
Polemika
Gobernu ordezkariaren kargua kentzeko proposatuko du Sortuk
Sortuk bilerak egingo ditu alderdi guztiekin, "baina bereziki EAJrekin", adostasunik zabalena lortzeko EAEn Espainiako Gobernuaren delegatu kargua kentzeko.
Erredakzioa
Sortuk Espainiako Gobernuaren ordezkariaren figura kentzea proposatuko die gainerako alderdiei, "inposatutako kargu bat delako".
Joxean Agirre eta Amaia Izko Sorturen bozeramaileek agerraldia egin dute Donostian eta gogor kritikatu dituzte Carlos Urquijok azken egunotan erakutsitako jarrera, haren salaketen ondorioz epaitegiek Laudioko pregoilaria Pablo Gorostiaga izatea eta Bilboko txupina Jone Artolak botatzea galarazi baitute.
Aipatu erabakiak "erosatzat" jo dituzte eta Urquijo "bakearen etsaia" dela azpimarratu dute.
Gauzak horrela, irailean, Sortu gainerako alderdiekin bilduko da Espainiako Gobernuaren ordezkari kargua kentzea aztertzeko. Alderdi independentistak proposamen honen inguruan "akordiorik zabalena" bilatuko du, baina bereziki EAJren babesa bilatuko duela zehaztu du.
Sorturen erantzuna Munillari
Bestalde, Joxean Agirrek kritikatu egin ditu Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak atzo egindako adierazpenak. "Euskal Herrian izan diren giza-eskubide urraketa guztiak aintzat hartu beharko lituzke", esan du.
"Munillak eskuin muturreko ikuspegi etikoari eta politikoari soilik egiten die kasu, azken zortzi hamarkadatan erailtzen, torturatzen eta euskal naziotasuna ukatzen aritu diren horiei; Munillak Francoren Eliza ordezkatzen du", salatu du.