Politika -
Bakegintza eta normalizazioa
Barne ministroa: 'Kontakizunaren bataila irabazi behar diogu ETAri'
Horrez gain, Jorge Fernandez Diazek zalantzan jarri du Iñigo Urkullu lehendakariaren Bakerako Plana egokitasuna.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak berretsi egin du Estatuko segurtasun indarrek eta zuzenbide estatuak ETA menperatu dutela. "Baina orain terrorismoaren historiaren kontakizunaren bataila irabazi behar diogu", azpimarratu du.
Adierazpen horiek Madrilgo Unibertsitatean egin ditu, 'Terrorismoaren kontakizunaren aurrean, Memoria eta Justizia' izeneko jardunaldien inaugurazio ekitaldian.
Fernandez Diaz ziur agertu da "gizarteak terroristak gainditu dituen bezala, historiaren bataila ere" irabaziko dutela. "Ez dugu onartuko batzuk eta besteak parean jartzea, hizkuntza diabolikoa eta absurdoa erabilita", erantsi du.
Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako Bakerako eta Bizikidetzarako Planaren egokitasuna zalantzan jarri du; eta Biktimen Memoriarako Institutuaren aurka agertu da, azken 80 urteotako biktimak kontuan hartuko dituela, ETAren indarkeriak 50 urte dituen arren.
"Horrelakorik ez dugu onartuko", nabarmendu du.