Politika -
Bilera
Rajoyren aurrean bitartekari izatea eskaini dio Quirogak Urkulluri
EAEko PPko presidenteak Rajoyren aurrean duen "eragina" erabiltzea eskaini du, proiektu ekonomiko "estrategikoak" lortzeko.
Erredakzioa
Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurrean duen "eragina" eskaini dio Iñigo Urkullu lehendakariari, krisia gainditzeko proiektu ekonomiko "estrategikoak" onartzeko helburuz.
Quiroga lehendakariarekin batzartu da gaur goizean, Gasteizen, EAEko PPko presidente egin eta gero ordezkari politikoekin abiatutako bilera-sortaren baitan.
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, baina, bilera-sortatik kanpo utzi du, "guztiz demokratikoa" izateko, ezker abertzaleak oraindik ere "ibilbidea" egin behar duela argudiatuta.
Gaurko bileraren ostean, Quirogak lehentasuna krisiak izan behar duela adierazi du eta "gai ekonomiko garrantzitsuetan" Rajoyren Gobernuaren aurrean "beharrezko gestioak" egiteko konpromisoa helarazi dio Urkulluri.
Gai horien artean euskal "Y"rena, defizit helburua malgutzearena edota Kupoaren Legea berritzearena daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako iturriek Eferi jakinarazi diotenez.
"EAEko PPk eragiteko duen gaitasuna bideratu nahi du krisiari aurre egiteko", esan du Quirogak eta "lehendakariak badaki PP Euskadi krisi egoeratik ateratzeko noranzkoan arituko dela lanean", gaineratu du.
Egoera ekonomikoaren inguruan lehendakariarekin "sintonia onean" aritu dela ziurtatu du Quirogak, eta akordioak "unean unekoak" ez izatea eskatu dio lehendakariari. Hori horrela, akordio sakonagoak nahi izanez gero, PP prest egongo dela esan dio.
Halaber, herritarrek politikarekiko duten interesik eza "gutxitzeko", erakundeen irudia hobetzeko eta "askatasunean elkarbizitzeko" beharraz mintzatu zaio Quiroga Urkulluri.