Politika -
Josune Balda presoa
Preso batek torturak salatu ditu Estrasburgoko Auzitegian
Guardia Zibilak Balda 2010 otsailaren 15ean atxilotu zuen Oiartzunen, eta lau egun inkomunikatuta eman zituen. Inkomunikazio epean "torturatu" zutela salatu dute.
Erredakzioa
Torturen Aurkako Taldeak (TAT) eta Giza Eskubideen Behatokiak Josune Balda ETAko presoaren izenean demanda aurkeztu dute gaur Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean. Atxiloketan tratu txarrak eman zizkiotela salatu zuen Baldak. Ustez Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu dela uste dute auzi-jartzaileek.
Bi kolektiboek agiri batean azaldu dutenez, Guardia Zibilak Balda 2010 otsailaren 15ean atxilotu zuen Oiartzunen, eta lau egun inkomunikatuta eman zituen. Inkomunikazio epean "torturak eta tratu txarrak" jaso zituela salatu dute.
Inkomunikazio epea amaitu ostean, Baldak tratu txarrak salatu zituen. ETAko kolaboratzailea izateagatik zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten iragan apirilean.
Ikerketa
TATren hitzetan, Espainiako Justizia erakundeek gertakariak argitzeko ikerketa "sakona eta eraginkorra" egitea baztertu zuten, horregatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean helegitea aurkeztea erabaki dute.
Martxelo Otamendi kazetariaren auzian erabilitako bide bera aukeratu dute; izan ere, Estrasburgoko Auzitegiak Otamendiren salaketa onartu eta Espainiako Estatuak Hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuela erabaki zuen.