Politika -

Nafarroan

'Euskal estatu burujabe baten alde egiteko apustua' berretsi du EAk

"Alkartasuna Indartuz" lelopean, "autodeterminazioa gauzatzeko oinarriak" zehaztuko dituzte Eusko Alkartasunako 450 ordezkariek.

EAren X. Biltzarra. EFE
EAren X. Biltzarra. EFE
EAren X. Biltzarra. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunak X. Biltzar Nagusiari hasiera eman dio Barañainen eta "Euskal estatu burujabe bat eratzeko herrialdearen erabakiaren errespeturantz irmotasunez aurrera egitearen aldeko apustua" berretsi dute.

Pello Urizarrek azken lau urteotako errepasoa egin du; "indar abertzaleen batasuna posiblea dela erakutsi du Eusko Alkartasunak", adierazi du eta bide horretan jarraitu nahi duela gaineratu du alderdiak.

Asteburu honetan, Barañainen, "Alkartasuna Indartuz" lelopean, Eusko Alkartasunako 450 ordezkariek hitzaldi politikoa eta sozioekonomikoa izango dute entzungai, eta alderdiaren estatutuen inguruko 536 zuzenketa eztabaidatuko dituzte. Halaber, "autodeterminazioa gauzatzeko oinarriak" zehaztuko dituzte.

Bestalde, EAren idazkari nagusia hautatuko dute, eta azken orduko ezustekorik ez egotekotan, Pello Urizar aukeratuko dute berriro.

Ohar baten bidez alderdi nazionalistak azaldu duenez, "XXI. mendeko Euskal Herriaren zeregin sozialdemokratikoa sendotzea, eta autodeterminazioaren ariketa aurrera ateratzeko oinarriak zehaztea" izango dira kongresu horren helburuak.

Hausnarketa-prozesua

Biltzarra Barañaingo Auditorioan egiten ari dira, eta bertan, urtarrilean EAk abiatutako hausnarketa prozesua itxiko dute, datozen lau urteetarako oinarri politiko eta sozioekonomikoak eztabaidatu ostean. Kideek proposatutako 536 zuzenketak aztertzeko batzartu dira Euskal Herriko 450 alderdikideak.

Egitaraua

Biltzarraren lehenengo egunean, Kongresua zuzenduko duen Mahaia aukeratu dute eta Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Zuzendaritzaren azken lau urtetako jarreraren balorazioa egin du. Ondoren zuzenketak eztabaidatu dituzte.

Igandean behin betiko agiriak bozkatuko dituzte, eta Bermetarako Batzorde Nazionala, Biltzar Nazionala eta Zuzendaritza Nazional berria hautatuko dituzte.

EAk gonbidatutako beste alderdi politikoren eta "Estaturik gabeko beste nazioen" ordezkariak bildu dira Barañainen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea