Politika -
Basagoitiren ordezkoa
PPk astearte honetan bertan izendatuko du Arantza Quiroga presidente
Urkulluk alderdietako ordezkariekin egingo duen bilera izango da estreinako hitzordua Quirogarentzat. Hautaketa ez da "bideratuta" egon, Iñaki Oyarzabalen hitzetan.
Erredakzioa
EAEko Alderdi Popularreko Zuzendaritza Batzordeak astearte honetan bertan izendatuko du Arantza Quiroga Euskadiko PPko zuzendari berri, alderditik jakitera eman dutenez.
Astelehen honetan, Bizkaiko eta Arabako batzordeak bildu dira, iragan ostiralean hartutako erabakia berresteko, eta bihar bertan batzartuko da Gipuzkoakoa. Ondoren, 18:00etan, Batzar Exekutiboak bilera egingo du, izendapena onartzeko, eta, 19:00etan bozkatuko du Zuzendaritza Batzordeak presidente berria aukeratzeko proposamena.
Hala, Urkulluk alderdiekin Ajuria Enean egingo duen bilera izango da Quirongarentzat presidente gisa estreinako hitzordua.
Ez da "bideratuta" egon, Oyarzabalen hitzetan
Arantza Quirogaren hautaketa ez dela "bideratuta" egon esan du gaur Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrak. Horren harian, Antonio Basagoitiren ordezkoa popularrek deituko duten hurrengo biltzarrean militanteek bozkatu beharko dutela nabarmendu du,. Bertan, beste hautagaitza batzuk aurkezteko aukera izango dutela gaineratu du Oyarzabalek.
“Ez dugu nahikeriarik egin. Arantzari babesa emango diogu Antoniok hasitako egitasmoari jarraipena eman diezaion”, azpimarratu du.
“Azken finean, EAJk bezala, guk ere batzar nagusi bat egingo dugu, Basagoitiren ordezkoaren inguruko proposamenak bozkatzeko”, horren esanetan.
“Ondoren, bigarren prozedura bat daukagu: dagokionean biltzar bat deitzea. Bertan, militanteek proposamen hura babestu edo baztertzea erabaki beharko dute, eta hautagaitza berriak aurkezteko aukera izango dute”.
PPko idazkari orokorrak esan du beste aukera batzuk ere aztertu dituztela, tartean Alfonso Alonsorena, baina “eurek ere Arantza Quirogaren proposamena babestea” erabaki dutela azaldu du.
Alderia ''indartsu'' dagoela dio Basagoitik
Antonio Basagoitik ere PPren egoeraz hitz egin du. Azken hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek bere erabakian ez dutela eraginik izan adierazi du. Bere alderdia “indartsu” utziko duela gaineratu du, eta Arantza Quiroga aukeratzeko Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako PPko presidenteen babesa jaso duela azaldu du.