Politika -
Bateragune auzia
Arnaldo Otegi behin-behinean aske uztea aztertuko du Konstituzionalak
Auzitegiak Bateragune auziko helegiteak tramitatzea onartu du, eta horiek ebatzi arte, kondenatuak behin-behinean aske uztea aztertuko du orain.
Erredakzioa
Bateragune auziko bost kondenatuak, tartean Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia, behin-behinean eta berehala aske uztea aztertuko du Auzitegi Konstituzionalak.
Atzo onartu egin zuen horien helegiteak tramitatzea, eta orain beste atal bat irekiko du, helegiteak ebatzi arte Auzitegi Gorenak ezarritako espetxe zigorrak bertan behera uztea aztertzeko. Dagoeneko, zigorraren erdia baino gehiago bete dute kondenatuek.
Arnaldo Otegi aske uztea behin eta berriz eskatu dute euskal gizartearen hainbat sektoretatik eta alderdi politikoetatik (PPren eta UPyDren kasuetan izan ezik). Hala gertatuko balitz, ezker abertzaleak arnasa hartuko luke. Izan ere, ETAren indarkeria behin betiko amaitu zela urte eta erdi baino gehiago pasatu den honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek pausorik eman ez izana deitoratu dute.
Iñigo Iruin abokatuak Euskadi Irratian azaldu duenez, defentsek "suspensioaren aldeko alegazioak" aurkeztuko dituzte, eta "udan" jakin liteke kondenatuak behin-behinean aske utziko dituzten.
Jone Goirizelaia abokatuak zigorrak behin-behinean baliogabetzearen alde egin du Radio Euskadin, "babes helegiteak bere helburua gal ez dezan", hau da, "helegiteak zigorra beteta dagoenean ebaztea galarazteko".
Duela urtebete, Otegi eta Diez espetxean mantentzea erabaki zuen Gorenak, baina 10 urtetik sei eta erdira murriztu zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorra. Era berean, 8 urtetik 6ra jaitsi zien gainerako kondenatuei, hots, Miren Zabaletari, Sonia Jacintori eta Arkaitz Rodriguezi.
Epaian, Gorenak frogatutzat eman zuen kondenatuak Batasuna berriz osatzen saiatu zirela, ETAk hala aginduta, Bateragune izeneko talde baten bitartez. Hori dela eta, erruduntzat jo zituzten, erakunde terroristako kide izatea egotzita.
Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, baina, auzipetuek ETAren indarkeriaren aurka egin zuten, eta ukatu egin zuten Bateraguneko kide zirela. Are gehiago, Bateragune "Ekinen barne egitura bat" zela azaldu zuten.
Azken adierazpena egiteko txandan, Arnaldo Otegik ETAren indarkeria "soberan" zegoela eta "oztopo" zela adierazi zuen. Gainera, "indarkeria armatuaren behin betiko amaiera" eta "egitura militarrak desegitea" babestu zuen.
Rafa Diezen esanetan, auzipetuek indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida sustatu zuten ezker abertzalearen baitan, "modu autonomoan" eta "inoren menpe egon gabe".