Politika -
Politika utzi ostean
Basagoitik Santander bankuaren Mexikoko filialean lan egingo du
Santander bankuko iturriek azaldu dutenez, Euskadiko PPko buruzagiak Mexikoko filialean lan egingo du, baina ez dute kargurik zehaztu.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak Santander bankuaren Mexikoko filialean lan egingo du alderdiko kargua utzi eta gero, finantza-entitateko iturriek jakitera eman dutenez.
Basagoiti Santanderreko langilea zen, baina lan-utzialdia eskatu zuen politikan buru-belarri murgiltzeko.
Santander bankuko iturriek azaldu dutenez, Euskadiko PPko buruzagiak Mexikoko filialean lan egingo du, baina ez dute kargurik zehaztu.
Antonio Basagoitiren aita Banestoko azken presidentea izan zen, Santanderrek entitatea xurgatu baino lehen.
Jarduera politikoa utziko du
Horrela, Antonio Basagoitik jarduera politikoa utziko du eta enpresa pribatuan hasiko da lanean.
Dena den, Basagoitiren ingurukoen arabera, aurten utziko du kargua, baina ez berehala.
Hain justu, EAEko popularren buruzagiak atzo (astelehena) kontrakoa esan eta gero zabaldu da informazioa. Basagoitik ukatu egin zuen kargua utzi nahi izatea eta alderdiko buruzagi gisa duen zilegitasuna defendatu zuen.
"Ez da egia", erantzun zuen Basagoitik kazetariek buruzagitza lehenbailehen uzteko asmoa ote zuen galdetu eta gero. Halaber, "berrikuntzarik ez" dagoela, eta egonez gero, iragarriko zuela ziurtatu zuen.
Urriko hauteskunde autonomikoen ostean, Euskadiko PPko presidentetza utziko zuela iragarri zuen Basagoitik, baina datarik zehaztu gabe. Ordutik, etengabeak izan dira kargu-uztearen inguruko zurrumurruak.
Duela hilabete, esaterako, Basagoitik bere ondorengoa hautatzeko eztabaida ez dagoela irekita ziurtatu zuen, eta 2015eko udal eta foru hauteskundeak prestatzen ari dela gaineratu zuen.
Basagoiti ordezkatzeko "barne borroka" baztertu du Semperrek
Antonio Basagoiti ordezkatzeko "barne borrokatik" edo "mugimendu arraroetatik" ihes egin nahi izan du Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak.
PPko presidentetza hartzeko hautagaien artean kokatu dute komunikabide batzuek, baina Basagoiti ordezkatzeko "kinielatan ez" dagoela erabaki du Semperrek, eta ez da horretarako "mugituko edo azpijokoan arituko".
Hala ere, Euskadiko PP zuzentzeko aukera ez du baztertu Semperrek, nahiz eta "mugimenduetan" ez parte hartu. "Gainerako alderdikideek gauza bera egiteko aukera dute", erantsi du.