Politika -
Elkarrizketa
EAJk 'normaltasuna'ren barruan kokatu du ETAren kontrako operazioa
Bestalde, Ortuzarrek "barregarri geratzeko zorian" ikusten du oposizioa, Jaurlaritzari kalte egiteko operazio baten baitan.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak azaldu duenez, bere alderdiarentzat "normala" da ETAren kontra Frantzian egin duten polizia-operazioa, baina normaltasun berarekin ikusiko lituzke kartzela-politikan "aurrerapausoak" ematea.
"Ez ditugu Poliziaren pauso horiek ezbaian jarriko, baina kartzela-politika desberdina izatea nahiko genuke, ausartagoa, justuagoa eta egokiagoa", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Antzeko polizia-operazio gehiago egon ez dadin "lehenbailehen eta baldintzarik gabe desegiteko eta armak entregatzeko prozesua abiatzeko" deia egin dio Ortuzarrek ETAri.
Eusko Jaurlaritzaren negoziazioak
Bestalde, EAJren EBBko presidenteak "barregarri geratzeko zorian" ikusten du oposizioa, Jaurlaritzari kalte egiteko operazio baten baitan.
Ortuzarrek azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak erakundeekin egingo duen bileran, asteazkenean, ez dute "aldundiek eta Batzar Nagusiek fiskalitatean dituzten eskumenak Legebiltzarrari ematea aztertuko".
"Oposizioa batzuetan barregarri geratzeko zorian egoten da. Jaurlaritza inguratzeko nahian, barregarri geratzen dira erabat. EAEk erakunde eta lege sare bat du eskumenak zehazteko, eta fiskalitatea aldundien eta Batzar Nagusien eskuetan dago. Eusko Jaurlaritzaren eskumena gai horretan Euskal Finantzen Kontseilura eta Zergen Koordinaziorako Erakundera mugatzen da", adierazi du Ortuzarrek.