Politika -

Polizia operazioa

Sei pertsona atxilotu dituzte Frantzian ETAren aurkako operazio batean

ETAren talde logistikoaren aurkako operazioa izan da. Brive, Montpellier eta Blois herrietan egin dituzte atxiloketak.

ETBren esklusiba: ETAko ustezko bi kideren atxiloketaren irudiak

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei pertsona atxilotu dituzte astearte goizean Frantzian, Guardia Zibilak eta herrialde horretako Poliziak ETAren talde logistikoaren aurka abiatutako operazio batean, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak baieztatu duenez.

Polizia operazio handiena izan da, 2011. urteko urriaren 20an ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik.

Frantzian atzemandakoak Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz dira, Barne Ministerioak baieztatu duenez. Horietako batzuek armak zeramatzaten.

Hain zuzen ere, Brive-la-Gaillarde (Limogesko hegoaldea), Montpellier eta Blois (Parisko hego-mendebaldea) herrietan atxilotu dituzte.

Operazioa 06:00etan abiatu dute, eta ia 12 orduz miatu dituzte etxebizitzak, atxilotuekin batera. Arratsaldeko azken orduan oraindik miaketa lanekin jarraitzen zuten hainbat tokitan. Sei ustezko kideei ere galdeketak egin dizkiete egunean zehar, eta, orain arte, agiri "ugari" atzeman dituzte.

Atxilotuak gehienez lau egunez egon daitezke Polizia judizialaren esku; epe hori bukatuta epaile aurrera eraman beharko dituzte Parisera.

''LOGISTIKA NUKLEOA''

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak txalotu egin du "operazio bikaina", eta Guardia Zibila zoriondu du. Gaurko atxiloketei esker, ETAren "logistika-nukleoa" desegin dutela nabarmendu du Barne ministroak. Horren hitzetan, atxilotuek zuloak kudeatzen eta autoak lapurtu egiten zituzten.

Ministroak azaldu duenez, Andoni Goikoetxeak eta Raul Adunak osatzen zuten Brive-la-Gaillarde udalerrian atxilotu duten lehen taldea. Informazio horren arabera, zuloak eta lehergailuak kudeatzen zituzten. Hala, ''ETA barruan lehergailuetan aditu handienetako bat'' da Goikoetxea, Ministerioaren hitzetan.

Ekhine Eizaguirrek eta Kepa Arkauzek osatzen zuten bigarren taldea, Bloisen atxilotutakoa. Dokumentazioa faltsutzea omen zuten bi hauek eginkizun nagusi.

Montpellier hiriko etxebizitzan Igor Uriarte eta Julen Mendizabal atxilotu dituzte, eta, ustez, ibilgailuen lapurretan aritzen ziren.

Atxilotu guztiak, Kepa Arkauz salbu, terrorista bilatuenen zerrendan zeuden. Barne ministroak azaldu duenez, hiru talde hauen ikerketa 2012an abiatu zuten, Izaskun Lesakaren atxiloketaren ondoren.

Manuel Valls Frantziako Barne ministroa pozik agertu da Espainiaren eta Frantziaren arteko lankidetzari, eta horri ETA "desegin" arte eutsiko diotela ohartarazi du.

Gaurkoak zenbatuta, orotara 43 pertsona atxilotu dituzte indarkeriaren amaieratik, ETArekin lotura izatea leporatuta; horietako 11, aurten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea