Politika -

Eusko Legebiltzarra

Mintegiren adierazpenen inguruko auzia artxibatuko du Fiskaltzak

Bestalde, 'Thierry'ren hiletan egoteagatik Hasier Arraiz eta Maribi Ugarteburu (EH Bildu) momentuz deklaratzera deituko ez dituela esan du Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak.

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia eta Laura Mintegi. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia eta Laura Mintegi. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia eta Laura Mintegi. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Fernando Buesaren hilketari buruz egindako adierazpenak direla-eta zabaldutako eginbideak artxibatuko ditu Fiskaltzak, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak agur iragarri duenez.

Calparsorok ikerketa zabaldu zuen, Mintegik Fernando Buesa sozialistaren hilketa "arrazoi politikoengatik gertatutako heriotza" bezala definitu zuenean, Eusko Legebiltzarrean.

Erne Ertzaintzako sindikatuak antolatutako jardunaldietan, auzia artxibatuko duela baieztatu du fiskalak. Bi argudio eman ditu erabakia hartzeko: batetik, forupekoa izateak EH Bilduko bozeramaileari adierazpenetan babesa ematen dio.

Bestetik, fiskalaren hitzetan, Mintegiren adierazpenek "ez zuten muga gainditu terrorismoa goratzea leporatzeko, Legebiltzarreko eztabaidaren parte izan ziren".

"Biktimarekiko adierazpen oso sentiberak izan ez direla eztabaidatu daiteke, baina terrorismoa justifikatzeko delitu gisa hartzeko nahikoa ez da. Hala ere, erantzukizun parlamentarioa izan dezake, baina hori Legebiltzarreko presidenteak erabaki beharko du", azaldu du fiskalak.

Oraindik auziaren artxibatzea amaitu behar du Calparosrok, baina hurrengo astean itxita izatea espero du.

Thierry-ren omenaldia

Bestalde, Francisco Lopez Peña Thierry ETAko buruzagiaren hiletan egoteagatik Hasier Arraiz eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak momentuz deklaratzera deituko ez dituela esan du Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak.

Momentuz deituko ez dituela adierazi du gaur fiskalak, baina gaia aztertuko duela erantsi du.

Terrorismoa goratzeko "terrorismoari babes garbia eman" behar zaiola gogorarazi du fiskalak. "Delitu mota honengatik auziperatzeko orduan zorrotzak izan behar gara", gaineratu du. Hala ere, gaia aztertuko du, "terrorista baten hiletan izatea esanahia duen ekintza delako".

Cabacas auzia

Gainera, Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen heriotzaren inguruan Ertzaintzak egindako ikerketa "objektiboa eta inpartziala" izan dela uste du EAEko fiskal nagusiak.

Hala eta guztiz ere, auzia "zaila" dela onartu du Calparsorok, eta "denbora gutxi barru" Fiskaltzak inputazioak abian jartzea ala ez erabakiko duela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea