Politika -
Presoak
Kartzela-politika aldatzeko eskatu dio Lopezek Espainiako Gobernuari
Ingeniaritza juridikoa egiteari uzteko eta 'Parot doktrina'ren gainean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartuko duen erabakia onartzeko eskatu dio Rajoyren Gobernuari.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, Espainiako Gobernuak kartzela-politika aldatu behar luke orain, ETArekin negoziatu beharrik gabe. Halaber, "ingeniaritza juridikoa" egiteari uzteko eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak "Parot doktrina"ren gainean hartuko duen erabakia onartzeko eskatu dio.
Europa Press albiste agentziari egindako elkarrizketa batean, ez du ETAren azken komunikatuaz hitz egin nahi izan. Horren ustez, iritzia ematea ETAk Aberri Egunaren aurretik beti egiten dituen deklarazioen jokoan sartzea litzateke. "Ardura besteen gain jartzea da komunikatuaren helburua, baina herrialde honetan gertatzen denaren ardura bakarra ETArena da, eta disoluzioa da iragarri behar duen mezu bakarra", adierazi du Lopezek.
Aspaldidanik EAEko alderdi politikoek kartzela-politika aldatzeko eskatu dutela iritzi dio Patxi Lopezek. Buruzagi sozialistaren iritziz, Espainiako Gobernuak aldaketak egin behar ditu kartzela-politikan ETArekin negoziatu beharrik gabe. "Aldaketak egin daitezke, eta egin behar dira, gainera. Espainiako Gobernuak orain egin beharko luke", gaineratu du Lopezek.
"Langraitz bidea" ixtea akats larria dela uste du EAEko sozialisten buruak; izan ere, "terrorismotik aldentzea ahalbidetu dio hainbati". "Langraitz Bidea"rekin bat egin duten Iñaki Rekarte Ibarra, Kepa Pikabea Ugalde eta Aitor Bores Gutierrez ETAko hiru presoei hirugarren gradua ematea galarazi du Espainiako Barne Ministerioak.
"Parot doktrina"
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak "Parot doktrina"ren inguruko epaia emango du laster, ere izan du hizpide Patxi Lopezek. Horren esanetan, epaia onartu beharko da, erabakia dena delakoa dela ere. "Gobernuak auzitegiek diotena onartu behar du beti", eta Estrasburgoko Auzitegiaren epaia "loteslea" ez bada ere, "adierazgarria" da.
Halaber, ingeniaritza juridikoa egiteari uzteko eta "Parot doktrina"ren gainean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartuko duen erabakia onartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Has gaitezen gu ere bide hori egiten", gaineratu du.