Politika -
Maiatzaren 18an
Euskal Herriko txoko guztietan ekimenak egingo ditu Herrirak M18an
Espetxe politikaren amaiera lortuko duten indarrak batzeko asmoa iragarri du Herrira mugimenduak.
Erredakzioa
Herrira mugimenduak euskal presoen eskubideen alde eta salbuespenezko neurriak salatzeko, datorren maiatzaren 18an Euskal Herri osoan egitekoak diren mobilizazioak aurkeztu ditu Bilbon.
Casilla plazan aurkeztu du Herrirak presoen eskubideen aldeko hurrengo ekimena. Urtarrilaren 12an, Bilboko kaleak bete zituen manifestazioa abiatu zen leku berean, hain zuzen.
Manifestazio haren eta Baionakoaren sostengua eta indarra abiapuntu, hurrengo zita maiatzaren 18an izango da, Euskal Herriko eta nazioarteko plaza guztietan espetxe politikaren kontrako aldarria entzun dadin.
Tokian tokiko Herrira bilguneek antolatuko dituzte mobilizazio, manifestazio edota bestelako ekitaldiak herri eta auzoetako plazetan, baina denek izango dute lelo bera: "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira".
Herrirak espetxe politikaren amaiera lortuko duten indarrak batzen jarraitzeko asmoa iragarri du.