Politika -
Yolanda Gonzalezen hiltzailea
Hellin ultraren auzia ikertzeko eskatu dio oposizioak Gobernuari
Alderdi guztiek, PPk eta UPyDk izan ezik, ikerketa bat eskatu dute Emilio Hellinek, 1980an gazte sozialista bat hil zuen ultraeskuindarrak, segurtasun indarrekin nola lan egin duen argitzeko.
Erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuko alderdi gehienek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Gobernuak Emilio Hellin ultraeskuindarrak Estatuko Segurtasun Indarrekin izan dituen ustezko loturak iker ditzan. Hellinek Yolanda Gonzalez militante sozialista hil zuen 1980an.
Kongresuko alderdi guztiek, PPk eta UPyDk izan ezik, bat egin dute proposamenarekin. PPk hasieratik esan zuen ez zuela proposamena babestuko, baina UPyDk azkeneko momentuan egin du atzera, Amaiurrek proposamenarekin bat egitea erabaki duenean.
Yolanda Gonzalezen senideek egindako eskaria babestu dute horrela Kongresuko alderdi gehienek.
Gonzalez 1980ko otsailaren 2an hil zuten sozialista zelako, manifestazio batean parte hartu eta gero bahitua eta torturatua izan ostean.
Emilio Hellin militante ultraeskuindarrari 43 urteko kartzela-zigorra jarri zioten hilketa horregatik, eta orain jakin denez, 1996an kartzelatik atera zenean, izena aldatu zuen eta Espainiako Poliziarentzat eta Guardia Zibilarentzat lan egin izan duen enpresa bateko zuzendaria da.