Politika -
Hil-kaperan
Sortu: 'Espetxe politikak Figueroaren heriotza eragin du'
"Gatazkari behin betiko irtenbidea emateko aukera zapuztea helburu du PPk", Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramaileak salatu duenez.
Erredakzioa
ETAko presoei "aplikatzen ari zaien espetxe politika kriminalak Angel Figueroaren heriotza eragin du", Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramaileak salatu duenez. "Angel oso gaixo zegoen, baina kartzelan mantendu zuten", erantsi du Ugarteburuk.
Joseba Permachek eta Maribi Ugarteburuk Angel Figueroa ETAko presoaren hil-kapera bisitatu dute Algortan (Getxo). Presoa iragan ostegunean hil zen bere etxean, gaixotasun luze baten ostean.
Sortuk jakitera eman duenez, Permachek eta Ugarteburuk elkartasuna adierazi diete presoaren senitartekoei eta lagunei.
"Euskal preso politikoek bizi duten egoera larriaren erantzukizuna Alderdi Popularreko Gobernuak du", Sortuko ordezkarien hitzetan.
"Gatazka politikoari behin betiko irtenbidea emateko aukera zapuztea helburu du PPk. Horretarako, blokeo eta sabotaje politika egiten ari da, euskarri nagusia espetxe politika kriminala delarik", ziurtatu dute.