Politika -

Ekitaldia Donostian

Mertxe Aizpurua da Udalbiltzako presidente berria

19 lagunek osatutako zuzendaritza aho batez onartu dute eta "nazio eraikuntza bultzatzeko sortzen den erakundea" dela azpimarratu dute.

Mertxe Aizpurua aginte makilarekin. EITB
Mertxe Aizpurua.
Mertxe Aizpurua aukeratu dute Udalbiltzako presidente

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltzako lehendakari ohi Loren Arkotxak eta Jesus Mari Agirrezabala presidenteordeak eman diote aginte makila Mertxe Aizpuruari.

Usurbilgo alkatea da 19 lagunek osatutako zuzendaritzaren burua. Horrekin batera, lehendakariorde karguetarako, Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotzia, Maite Iturre Baztango zinegotzia eta Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Behera) auzapeza hautatu dituzte aho batez.

Halaber, ia 600 hautetsiek antolakuntza eta lehentasunak onartu dituzte.

"Nazio eraikuntza bultzatzeko sortzen den erakundea" dela azpimarratu dute. Mertxe Aizpuruak "Euskal Herriko eragile eta herritarrei nazio eraikuntzan inplika daitezen" eskatu die.

"Biltzar berria Euskal herria munduan ipintzeko tresna" dela azpimarratu du Aizpuruak. "Eraikuntza nazionalerako eta gure arazoei herri gisa irtenbideak emateko tresna praktikoa".

"Ezarritako zatiketa politiko-instituzionala Euskal Herri batua eta sendoa sortzeko politikentzat oztopoa da", adierazi du.

1.127 atxikimendu

Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak berrantolatzeko prozesua amaitu du 2003an legez kanpo utzi ostean. Dagoeneko "Euskal Herrian dauden ia 7.000 hautetsien 1.127 atxikimendu" jaso dituztela nabarmendu dute sustatzaileek.

Atxikimendua eman duten lagun horien artean, 153 alkate eta 393 udal daude ordezkatuta.

Halaber, "EAJren eta beste sigla eta sentsibilitate politikoetako hautetsiak daude", sustatzaileek jakinarazi dutenez.

Euskal Herrian dauden 685 udaletatik ia 400 bertan ordezkatuta daudela iragarri dute eta ildo horretan, atxikimendu berriak besoak zabalik jasoko dituztela esan dute.

Batzar Eratzailearekin, berrantolaketa prozesua amaitutzat jo dute eta "Euskal Herriko erakunde nazional bakarrean aro berria hasiko dela", nabarmendu dute bozeramaileek.

Lehentasunak lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriko lurralde egituraketa, herriaren arteko harremanak eta nazioarteko harremanak sustatzea izango dira.

Zuzendaritza berria

Presidenteaz eta presidenteordeez gain, zuzendaritzako beste kideak hauek dira. Arabatik, Maider Garcia de Vicuña Quintana (Aguraingo alkatea), Eli Zubizarreta Arruabarrena (Dulantziko zinegotzia) eta Nestor Fernandez Pina (Trebiñuko zinegotzia).

Bizkaitik, Maitane Nerekan Umaran (Getxoko zinegotzia), Meritxell Elgezabal Intxaurraga (Galdakaoko zinegotzia) eta Idurre Bideguren Gabantxo (Bermeoko alkatea) daude Udalbiltzan ordezkatuta.

Gipuzkoatik, zuzendaritzako ordezkariak Igor Eguren Izagirre (Ordiziko alkatea), Roke Akizu (Soraluzeko zinegotzia) eta Axier Mujika Otegi (Aramako alkatea) dira.

Iparraldetik, Iker Elizalde (Hendaiako zinegotzia), Nikolas Blain (Makeako zinegotzia) eta Ruben Gomez (Liginaga-Astüeko alkatea) daude.

Azkenik, Nafarroako ordezkariak Aritz Romeo Ruiz (Iruñeako zinegotzia), Oier Eizmendi Astibia (Leitzako alkatea) eta Ur Alguero (Aresoko alkatea) dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea