Politika -
Eusko Legebiltzarra
Hellinek Ertzaintzarentzat lan egin duen argitzeko eskatuko dute
EH Bilduk egingo du galdera ostiralean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran eta Segurtasun sailburuak erantzungo du.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko ostiraleko kontrol saioan, Emilio Hellinek Ertzaintzarentzat lanik egin al duen galdetuko dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Hellin ultraeskuindarrak Yolanda Gonzalez bilbotarra hil zuen 1980an, eta 43 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak egingo dio galdera Estefaian Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. El Pais egunkariak aste honetan kaleratutako informazioaren arabera, Hellin Estatuko segurtasun indarrentzat ari da lanean gaur egun, baita Ertzaintzarentzat ere.
Kaleratutako informazioen arabera, Emilio Hellinek Luis Enrique izena du orain, eta teknika forentseak erakusten dituen New Technology Forensics enpresan egiten du lan. Poliziak eta Guardia Zibilak enpresa horren zerbitzuak kontratatu zituzten.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak informazio hori gezurtatu egin zuen astelehenean. Horren hitzetan, PP Gobernuan dagoenetik Estatuko segurtasun indarrek ez dute Hellinek lan egiten duen enpresaren zerbitzurik kontratatu.
Hellin New Technology Forensics enpresako irakaslea da, eta Poliziak eta Guardia Zibilak enpresa horren zerbitzuak kontratatu zituen 2006an, 2008an, 2009an, 2010ean eta 2011n "gai zehatz" batzuen inguruan ikastaro espezializatuak emateko, Barne ministroak esan zuenez.