Politika -
Polemika
Gobernuak dio Hellinek ez duela segurtasun indarrentzat lan egiten
PSTko (Partido Socialista de los Trabajadores) militante bilbotarraren hiltzaileak Poliziak eta Guardia Zibilak kontratatutako enpresa batean egiten du lan.
Erredakzioa
Luis Enrique Hellin 1980an PSTko (Partido Socialista de los Trabajadores) militante bilbotarra hil zuen Fuerza Nueva eskuin-muturreko taldeko kide ohiak teknika forentseak erakusten dituen enpresa batean lan egiten du, eta Poliziak eta Guardia Zibilak enpresa horren zerbitzuak kontratatu zituen, baina Espainiako Barne Ministerioak dio ez duela Estatuko Segurtasun Indarrentzat lan egin.
Horixe adierazi du prentsaurreko batean Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkariak. Izan ere, hainbat hedabideren arabera, PSTko kidea hiltzeagatik kartzela-zigorra bete zuen Hellinek aholkularitza lana egiten du segurtasun indarrentzat.
Martinezek azaldu duenez, Hellin New Technology Forensics enpresako irakaslea da, eta Poliziak eta Guardia Zibilak enpresa horren zerbitzuak kontratatu zituen 2006an, 2008an, 2009an, 2010ean eta 2011n "gai zehatz" batzuen inguruan ikastaro espezializatuak emateko.
Martinezek hitz eman du Barne Ministerioak kasua aztertuko duela, baina azpimarratu du "itxuran behintzat ohiko kontratazioa" dela. Hori horrela, Barne Ministerioak ez omen du kontratazio horietan irregulartasunik atzeman, baina ikertzen jarraituko du.