Politika -
Adierazpen instituzionala
Berdintasunarekin konpromisoa berresteko eskatu du Emakundek
Legebiltzarreko alderdiek datorren martxoaren 8an onartu ahal izateko adierazpen instituzional bat eman dio Emakunderen zuzendariak Bakartxo Tejeriari.
Erredakzioa
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, berdintasunarekin konpromisoa berresteko adierazpen instituzional bat onartzeko eskaera egin dio Legebiltzarrari Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak hartu du Emakunderen zuzendaria, Ana Alberdi erakundeko idazkari orokorrarekin batera. Azken hauek adierazpen instituzional bat onartzeko proposamena eman diote.
Orain 25 urte, Emakunde sortu zenean, Legebiltzarrean 9 emakumezko eta 66 gizonezko zeudela ekarri du gogora Landaidak. Egun, ordea, berdintasuna dagoela nabarmendu du, 41 gizonezkorekin eta 31 emakumezkorekin.
2005. urtean onartu zen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea "mugarria" izan zela esan du, baina "lan handia dago oraindik egiazko berdintasuna lortzeko", esan du.
Horregatik, Legebiltzarreko alderdiei egiazko konpromisoa berresteko eskatu die, "gizarte eraginkor, solidario eta demokratikoa eraikitzeko".
Ildo honetan, gizon-emakumeen, gizartearen, alderdien eta erakundeen elkarlana beharrezkoa dela azaldu du.
Martxoaren 8a "euren eskubideak defendatzeko egunero mundu osoan zehar borroka egiten duten emakumeak omentzeko" eguna dela esan du, eta feminismoak duen garrantzia aitortzeko eskatu dio Legebiltzarrari, "gizartearentzat beharrezkoak diren baloreetan oinarritzen delako".
Emakunderen adierazpena martxoaren 8az harago joatea eskatu du Landaidak, eta "eguneroko zeregin" bilakatzea espero du.