Politika -
13 urte ETA-k hil zuela
EH Bilduk parte hartuko du Fernando Buesaren aldeko omenaldi batean
Koalizio abertzaleak Legebiltzarrean lore eskaintza bat egitea eskatu du, biktimen senideek deitutako ekitaldira joatea horientzat "deseroso" izan litekeelako.
Erredakzioa
EH Bilduk Fernando Buesa lehendakariorde eta Arabako PSE-EEren burua zenaren eta Jorge Diez horren bizkartzaina zenaren aldeko omenaldi batean parte hartuko du ostiral honetan, Eusko Legebiltzarretik jakinarazi dutenez.
Buesa eta Diez ETAk hil zituen 2000. urteko otsailaren 22an, Gasteizen, bonba-auto bat zartarazita.
Aipatu iturrien arabera, koalizio abertzaleak berak eskatu dio Gasteizko Ganberako Bozeramaileen Batzordeari egitea omenaldia, Buesaren eta Diezen senideek eguerdirako deitutako ekitaldira joatea horientzat "deseroso" izan litekeelako.
Aipatu iturrien esanetan, UPyD ez beste talde guztiak ekimenaren alde agertu dira.
Horrenbestez, Legebiltzarraren omenaldia 11:30ean izango da, eta, ondoren, 12:00etan, Buesaren eta Diezen senideena, Askatasunaren Lorategietan.
Hain zuzen ere, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea joango da Legebiltzarreko omenaldira.