Politika -

Epaiketa

ETAko azken buruzagiak epaitegitik bota dituzte

Ostikada, ukabilkada eta kolpe artean utzi dute epaitegia akusatuek. Prozesua dela-eta barruan protesta egin dute, eta aretotik bota dituzte.

ETAko ustezko 10 kideak ostikoen artean irten dira epaitegitik

0:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Istiluak izan dira astearte honetan ETAko 10 kideren aurka Parisen egiten ari diren epaiketan, eta akusatuak aretotik bota dituzte. Ostikoak eta ukabilkadak egon dira ETAko kideen eta jendarmeen artean, barruan protesta egin eta liskarra sortu ondoren.

Akusatuek, tartean Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki ETAko buruzagi militar ohiak, epaileei bizkarra eman diete, presidenteak epaituek eskatutakoa aintzat hartu ez duelako. Jean-Pierre Ancel epaitegiko presidenteak epaituak kaleratzea erabaki du, eta, orduan, kolpeak eta borroka keinuak izan dira jendarmeen eta ETAko kideen artean.

Alaitz Aramendi airean eraman dute, eta Txeroki, berriz, ETAren aldeko oihu artean eta han bildutako familietako kideekin batera  "Eusko Gudariak" abestu ondoren, Efe agentziako datuen arabera.

Ogitartekoak, bilurrak eta atzerapenak

Istiluak arratsaldeko saioa hasi eta berehala piztu dira. Akusatuek hainbat eskaera egin dizkiote goizean Anceli, baina horrek ETAko ustezko kideen abokatuari azaldu dionez, familiako kideekin hainbat minutuz elkartzeko eskaerari bakarrik eman ahal dio baiezkoa, gainerakoak ez daudelako bere esku.

Zehazki, hiru izan dira bete ez dituzten eskaerak: familiako kideek eramandako ogitartekoak jan ahal izatea (espetxetik igorritakoak ''janezinak'' dira, akusatuen hitzetan); besoak bizkarrean jarrita bilurrak ez jartzea; eta espetxetik epaitegirako bidean atzerapenik ez egotea (akusatuek atzo salatu zutenez, ordubete eta bi ordu arteko atzerapena izan zuten).

Abokatuak akusatuei erantzunaren berri eman dienean, bozeramaile lanak egin dituen Oihan Barandallak zera esan dio presidenteari: ''Ezin dugu aurrera jarraitu, ez direlako gure osasunerako baldintzak betetzen''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea