Politika -
Erreakzioak
ETAren adierazpena 'onartezina' da, Erkorekaren hitzetan
Jaurlaritzak ''keinu gehiago'' eskatu ditu. EH Bilduren ustez, Txerokiren komunikatua ''aurrerapauso berri bat'' da adiskidetzean; PSErentzat ''basatia'' da; eta PPren hitzetan, ''lotsagarria''.
Erredakzioa
Garikoitz Aspiazu Txerokik ETAren izenean irakurritako adierazpenak erreakzio andana sortu du euskal alderdietan. Komunikatu horretan, "gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei" eragindako kaltea "sentitzen" duela esan zuen ETAk, Txerokiren ahotsean.
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, adierazpena ''onartezina'' da, eta ETAk ''biktimak sailkatzea'' eta ''horietako batzuen existentzia justifikatzea'' onartuko ez dutela esan du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. ''Biktima guztiei errespetu bera'' erakutsi behar zaiela azpimarratu du Erkorekak, eta euskal gizartearekiko ''keinu berriak'' eskatu dizkio ETAri.
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak, berriz, Txerokik irakurritako adierazpena adiskidetzea lortzeko ''aurrerapauso berri bat'' dela esan du. Halaber, gaur adierazpen hori nahikoa ote den aztertzeko eguna ez dela uste du.
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, ETAren adierazpena ''basatia'' da. Lopezen ustez, Txerokik irakurritako testua ez da ''aurrerapausoa'', eta, are gehiago, biktimen aitorpenarekiko atzerapausoa dela uste du. Idoia Mendia Euskadiko sozialisten bozeramailearen aburuz, berriz, ''ezmoralak'' dira ETAren hitzak. ''Ez dago inolako hilketarik justifikatzerik'', gaineratu du.
Iñaki Oyarzabal PPko ordezkariak ''lotsagarri'' iritzio dio testuari, ''gatazkatik at'' zauden pertsonei egindako kaltea bakarrik sentituz, ''zinegotziak, ertzainak, epaileak eta kazetariakl hiltzea ondo dagoela ematen duelako''.
Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak uste du testuak ''ETAren eta ezker abertzalearen huskeria etiko eta morala'' laburbiltzen duela.
Azkenik, Txerokik egindako adierazpenari balioa kendu nahi dion ordezkari politikorik egotea ''ulertezina'' dela esan du Joseba Alvarez ezker abertzaleko bozeramaileak.