Politika -
Elkarrizketa ETBn
EAJrekin nahiz EH Bildurekin unean uneko akordioak iragarri ditu PSEk
Jose Antonio Pastorrek esan du testuinguru politiko berriak ezberdinen arteko hitzarmenak ahalbidetuko dituela, baina argitu du PSEk ez duela "hitzarmenetarako estrategia zehatzik".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du ez dagoela "akordioetara heltzeko estrategiarik zehaztuta", baina ziur agertu da legegintzaldi honetan EAJrekin nahiz EH Bildurekin "unean uneko hitzarmen asko" egingo dituztela.
ETBn egindako elkarrizketa batean, Pastorrek azaldu nabarmena dela garai berri bat bizi dugula. "ETAk hiltzeari utzi dio eta indarkeria terroristaren behin betiko desagertzea iragarri du; ezker abertzalea legezkoa da eta erakundeetan dago; horrenbestez, testuinguru politiko berri bat hasi da", azpimarratu du.
"Kasu batzuetan EAJrekin adostasun gehiago ditugu, adibidez, herrialde ereduan; gai ekonomiko eta fiskaletan, berriz, EH Bildurengandik hurbilago gaude", adierazi du. Alabaina, argi utzi nahi izan du itunak egiteko inolako estrategiarik ez dutela.
Bestalde, EAJk Patxi Lopezen Gobernuaren aurrean izan zuen "blokeorako taktika" deitoratu du eta orain jeltzaleak jarrera haren ondorioak pairatzen ari direla esan du. "Orduan sozialistok defendatzen genuen erreforma fiskalari uko egin zioten eta orain egoera askoz zailagoa da", erantsi du.
Amaitzeko, Alfredo Perez Rubalcabak langabeziari aurre egiteko proposatu duen akordio politiko eta sozial zabala defendatu du eta EAEn ere gauza bera egin beharko litzatekeela iritzi dio.