Politika -
Ekitaldia, Bilbon
Justizia 'eskuragarria eta arina' izatea defendatu du Erkorekak
Justizia sailburuak hipoteka bitartekaritzaren eta normalizazio linguistikoaren alde ere egin du EAEANaren gobernu-aretoko osoko bilkurarekin egin duen bileran.
Erredakzioa
Justizia herritar guztientzat ''eskuragarria eta arina'' izatea defendatu du ostiral honetan Josu Erkoreka sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) gobernu-aretoko osoko bilkurarekin egin duen bileran.
Osoko bilkurak Erkoreka sailburua eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoen saileko goi-kargudunak hartu ditu Bilbon, Justizia Jauregian.
Justizia sailburu gisa egin duen lehen ekitaldian, gainera, hipoteken bitartekaritzaren eta normalizazio linguistikoaren alde ere egin du Erkorekak.
Halaber, Jaurlaritzak murrizketa ezarri behar baditu ere, justizia zerbitzu eraginkor baten aldeko lankidetza ''emankorra'' eta ''estrategikoa'' eskaini dio Erkorekak Ibarrari.
"Krisi ekonomiko, murrizketa eta aurrekontuen doikuntza bizi dugun garai honetan, bere helburuei lehentasuna ezarri beharrean dago Jaurlaritza, eta, ondorioz, gure Saila hasi da aurrekontuak egoera berrira moldatzen'', esan du Erkorekak.
Edonola ere, justizia bulego berria, doako justiziarekin zerikusia duen guztia eta bitartekaritza (hipotekena barne) bultzatzearen alde egin du sailburuak.
Juan Luis Ibarra EAEANaren presidentearen ustez, bestalde, beharrezkoa da hiru esparrutan aurrera egitea: administrazioaren antolaketa, informatika azpiegitura eta langileen politika. Horretarako Justizia Sailaren lankidetza eskatu du Ibarrak.