Politika -

Prozesu eratzailea

Udalbiltzak martxoaren 2an egingo du Batzar Eratzailea

Berriro eratzeko prozesuan parte hartzen ari diren hautetsi independentistek adierazi dutenez, ateak irekita dituzte Euskal Herria aitortzen duten hautetsi guztiek.

Udalbiltzaren ekitaldi bat Iruñean. Argazkia: EFE
Udalbiltzaren ekitaldi bat Iruñean. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltzako hautetsi independistek bertara biltzeko deia egin die Euskal Herria aitortzen duten hautetsi guztiei. Halaber, Udalbiltza berriro antolatzeko Batzar Eratzailea datorren martxoaren 2an izango da.

Talde bultzatzaileko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean eta Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak eta Igor Eguren Ordiziako alkateak hitz egin duten guztien izenean. Iragarri dutenez, martxoko lehen larunbatean izango da Udalbiltza berriro antolatzeko Batzar Eratzailea Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

2012aren hasieran hasi zituen Udalbiltzak berriro antolatzeko lanak Irungo Ficoba zabalgunean. Orduan, proiektuarekin bat egiteko deia zabaldu zuten hautetsiek, parte hartze zabalagoa lortzeko asmoz. Horien esanetan, emaitza onak jaso dituzte 1.201 hautetsik egin baitute bat proiektuarekin.

Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Udalbiltzak egun dituen bi espresioek egindako lanaz galdetu diete hautetsiei. Horien arabera, astebetean 100 erantzun baino gehiago jaso dituzte, eta iritzia emateko epea hilabete amaierara arte luzatzea erabaki dute.

Halaber, oraindik Udalbiltzara batu ez diren hautetsiei deia egin diete, izan ere, horien esanetan "ateak zabalik daude Euskal Herria onartzen duten hautetsi guztientzat, horien ideologia, generoa, erlijioa edota jatorria edozein delarik ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea