Politika -
Urte politikoaren balantzea
Ezker abertzalea: '2013 urtea gatazkaren konponketarena izan behar du'
Ezker abertzaleak salatu duenez, PPko Gobernuak "konponbidea lortzeko aukera hondatu du". "Bakea lortzeko etsairik handiena da PP", azpimarratu dute ezker abertzaleko bozeramaileek.
Erredakzioa
"Blokeo, sabotaje eta inposaketa" jarrera mantendu izana egotzi dio ezker abertzaleak Espainiako Gobernuari. Halaber, 2013 "euskal gatazkaren konponbiderako eztabaida politikoaren urtea" izango dela iragarri du. Maribu Ugarteburu eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, 2012 urte politikoaren balantzea egiteko.
Bertan azaldu dutenez, "PPko Gobernuak garatutako politikak (espetxe politika kriminala, epaiketa politikoak eta jazarpen poliziala) gatazkaren irtenbiderako aukera hondatu du: hona hemen euskal gizarteak duen bakerako grinaren aurrean, Rajoyk eta Basagoitik proposatutakoa".
Halaber, Euskadik eta nazioarteko hainbat herrialdeek proposatutakoari "oldarkotasunarekin" erantzun izana leporatu dio ezker abertzaleak Espainiako Gobernuari. "Bakea lortzeko etsairik handiena da PP", azpimarratu dute ezker abertzaleko bozeramaileek.
Krisi egoera honetan "inposaketekin, murrizketekin eta eskubideen urraketarekin erantzun du PPk". Gainera, Espainiako Gobernuak ez diola Euskadiri "alternatibarik eskaini" deitoratu du.