Politika -
Prentsaurrekoa Bilbon
EH Bildu: 'Urkulluren ereduak ez dio Madrileri aurre egingo'
Aukeratzeko eskubidearen gaineko "urrats zehatzen" alde egin eta "guztion artean egindako bide orria" proposatu ditu Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak.
Erredakzioa
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "aurrekoari eusten dion Iñigo Urkulluren ereduak ez die Madrilgo politikei aurre egingo, eta horrek Grezia bezalako egoera batera eramango gaitu".
Bestalde, EH Bildu "akordioak lotzeko prest" dagoela azpimarratu du. Gainera, aukeratzeko eskubidearen gaineko "urrats zehatzen" alde egitea eta "guztion artean egindako bide orria" proposatu ditu Arzuagak.
Bilbon eskainitako pentsaurrekoan Arzuagak azaldu duenez, "Euskadin bi eredu daude aurrez aurre: aurrekoari eusten dion Urkulluren eredua, eta EH Bilduren eredu berritzailea". Honen esanetan, "pribilegioak murriztu behar dira, eta azpiegitura handietan, segurtasunean edo errepresioan aurreztu, egungo agertoki politikotik kanpo dagoelako".
"EAJk planteatutako ereduak Grezia bezalako egoera batera eramango gaitu", ohartarazi du, "murrizketak zerbitzu publikoetan egiteko asmoa badu, aurre egingo diogu".
Euskal gatazka
Euskal gatazkaren konponbideari dagokionez, Urkulluren inbestidura saioan "konpromisoak" lotu zirela azpimarratu du. Hala ere, erabakitzeko eskubidea "lelo bat baino gehiago" dela esan du Arzuagak, "helburu argiekin egunerokotasunean eraiki beharreko ibilbidea da".
EH Bildu gainontzeko alderdiekin akordioak adosteko prest dagoela iragarri du legebiltzarkideak, "herritarren premiazko beharrei erantzuna emateko asmoz". Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza berria "ahalik eta lasterren martxan jartzeko" eskatu du, "Madriletik eta Europatik datozen finantza-inposaketei aurre egiteko".