Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Korta anaiak: 'Adiskidetzea elkarri lasaiago begiratzea litzateke'

ETAk duela 12 urte hil zuen Joxe Mari Korta enpresariaren Candido eta Javier anaiek azpimarratu dute "norberaren etxera iristen den arte" ezin dela "ohartu zer den" senide baten hilketa.

Jose Mari Korta, ETAk hildako enpresaria. Argazkia: EITB
Jose Mari Korta, ETAk hildako enpresaria.
Jose Mari Korta, ETAk hildako enpresaria. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxe Mari Korta zenaren bi anaiak, Candidok eta Javierrek, Euskadi Irratiarekin hitz egin dute esklusiban, ez baitute beste hedabideekin inoiz hitz egin eta ez dute hitz egiteko asmorik, eta anaiaren hilketaz eta egungo egoera politikoaz hitz egin dute.

12 urte dira ETAk Jose Mari Korta enpresaria, Adegiren presidentea, hil zuela. Candidok eta Jabierrek aitortzen dute garaiak aldatu direla ordutik, eta horrek "poza" ematen diela. Hala ere, ezker abertzaleak "pauso asko" dauzkala emateko uste dute.

Izan ere, kortatarren arabera, "gauza asko daude egin eta atzera begiratzeko", zeren "egin dituzten astakeriak eta gero, ezin dute herriaren aurrean ezer egin ez balute bezala agertu".

Candido eta Javierren arabera, "positiboa da ETAk armak utzi izana, baina aurreko ekintzen kritika bat eskaini beharra diote herriari". Horren harira, "barkamena eskatzea erraza" dela eta, "demostratu" egin beharra dagoela aldarrikatu dute.

Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiak Ernest Lluchen hilketa akatsa izan zela aitortu izanari ere ez diote sinesgarritasunik eman, zeren "Lluchena gaizki bazegoen, gainerakoak ondo?", galdetu dio Kortaren anaiak politikari nafarrari.

Era berean, bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean, "adiskidetzea elkarri lasaiago begiratzea" litzatekeela adierazi dute.

Biktimak

Hilketak Kortaren familian suposatu zuen kolpeaz hitz egiterakoan, lehenengo hiru urteak bereziki gogorrak izan zirela aitortu dute, baina horren ondoren "aurrera egin beharra" zegoela ohartu omen ziren.

Enpresari gipuzkoarra zenaren anaiek azpimarratu dute biktima izan arte ez dagoela jakiterik zenbaterainokoa den sufrimendua: "Norberaren etxera ailegatu arte ez zara konturatzen zer den".

Biktimek jarduera politikoan jokatu beharko luketen paperari dagokionez, galdera bota die biktimen parte-hartzearen kontra daudenei: "Biktimak ez eta eskopeteroak bai?". Hala ere, kortatarrek ez dute biktimen elkarteetan parte hartzen eta zalantzan jartzen dute jarduera politikoan sartzea, bai baitakite jarrera "partziala" izango luketela.

Era berean, presoen etxeratzearen aldeko kartelak ikusten dituztenean "mina" sentitu izan dutela esan dute, haiek ere "kanposantuan daudenak etxean" egotea nahi dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea