Bake prozesua -

Auzitegi Nazionala

ANk gaur abiaraziko du Segiko ustezko 40 kideren kontrako epaiketa

Epaiketa urriaren 14, 15 eta 16an; azaroko 25, 26 eta 27an eta abenduko 9, 10 eta 11an egingo dute. Orotara, 298 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak 40 auzipetuentzat.

Segiko 40 ustezko kide epaituko ditu bihar Auzitegi Nazionalak

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoko lehen sekzioak gaur, urriaren 14, astelehena, abiaraziko du Segiko ustezko 40 kideren kontrako epaiketa. Zehatz-mehatz, epaiketa urriaren 14, 15 eta 16an; azaroko 25, 26 eta 27an eta abenduaren 9, 10 eta 11an egingo dute.

Luis Barroso fiskalak bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du bederatzirentzako, organizazioaren agintaritzat jotzen baititu, eta "organizazio terrorista baten kide" izatea egotzi die, agintari gisa jardutea leporatuta.

Bederatzi horiek Irati Mujika Larreta, Ainara Bakedano Cuaresma, Jon Anda Velez de Mendizabal, Gaizka Likona Anakabe, Olatz Izagirre Sarasti, Jon Telleria Barrena, Asier Coloma Ugartemendía, Ibai Esteibarlanda Echeverria eta Carlos Renedo Lara dira.

Gainerakoentzat zazpina urte eskatu du, deitu bera egotzita, baina bakarrik kide izateagatik, ez agintari. Orotara, 298 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak.

Barrosoren arabera, Segik "ETA banda armatuaren jarduera osatzen du kale borrokako ekintzen bidez, hiritarren segurtasunaren kaltetan eginez; gizarte demokratikoari eta Zuzenbide Estatuari eraso egiten diote izua eragiteko helburuarekin, bestera esanda, bake publikoaren kontra eginez".

Segiko ustezko 40 kideetatik, 34 2009ko azaroaren 24an atxilotu zituzten, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak elkarrekin egindako operazio batean, Fernando Grande-Marlaska epailearen agindupean.

Atxiloketokin, Barne Ministerioak desegintzat jo zuen organizazioaren buruzagitza, bere ustez 'ETAren harrobia' eta Euskadiko kale indarkeriaren erantzule nagusia zena.

Poliziaren arabera, operazioa urte horretan ETAko kide izatea egotzita Parisen atxilotutako Ekaitz Sirventi atzemandako agirietan oinarritu zen. Antza denez, dokumentu horietan Segiko "borroka nagusitzat" jotzen ziren Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako borroka, "hezkuntza eredua", "higiezinen espekulazioa" eta "euskal Estatua" eraikitzea.

Polizia eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuek zabaldu zutenez, Segik "bere egitura indartzea zuen helburu, militante berriak erakarrita eta organizazioan ematen zuten denbora luzatuta". Halaber, ETAren aginduak betetzeko, "gatazka gogortzeko eta kaleko indarkeria areagotzeko" helburuarekin, atxilotuek formakuntza prozesuak indartzeko asmoa zutela adierazi zuten aipatutako zerbitzuek.

Segi Jarrai eta Haika legez kanpo utzitakoen oinordekoa da. Gorenak "organizazio terroristatzat" jo zuen 2007ko urtarrilaren 19an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak 2001ean hasitako prozesua itxita.

Epaiketa bihar hasiko da eta luze jotzea espero dute. Momentuz, auzipetuak deituta daude, baina ez lekukoak ezta perituak ere.

Ainara Bakedan eta Jon Iñarritu Segiko bozeramale lanak egin zituztenek defentsari uko egingo diote, eta soilik defentsa politikoa erabiliko dute epaiketaren lehenengo egunean. Gainerakoek bai izango dutela defentsa juridikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea