Ekonomia
Lan gatazka
Daewooko langileek erregulazioko prozesua gelditzeko eskatu dute
Erredakzioa
Lan erregulazioko txosteneko kontsultaldia gelditzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari gizarte laguntzen planaren dokumentazioa "eskasegia" dela iritzita.
Daewoo Electronics-Demesako enpresa batzordeak astelehen honetan iragarri duenez, Koreako enpresak aurkeztutako lan erregulazioko txosteneko kontsultaldia bertan behera uzteko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzari. Lanik gabe geldituko diren 147 langileen gizarte laguntzen planaren dokumentazioa "eskasegia" dela diote.
Enpresa batzordea goizean bildu da enpresako ordezkariekin. Orain hamalau urte Gasteizen dagoenetik jasotako diru-laguntzen dokumentazioa eskatu diete, lan erregulazioa justifikatzeko arrazoi produktibo eta teknikoekin batera.
Carlos del Río ELAko ordezkariaren hitzetan, arduradunek "ez dute ezer ez ekarri" eskatutako dokumentazioaren inguruan. Honen ordez, kontsultaldiaren prozesuan "datuak komentatzen joango direla" esan diete. "Ez dute ezer ere ekarriko" kexatu da.
Era berean, lan erregulazioko txostenaren kontsultaldia bertan behera uzteko eskatu diote enpresari gizarte laguntzaren planari dagokion dokumentazioa "eskasegia" dela iritzita. Multinazioanalaren ezezkoa dela eta, komiteak Lan Ordezkaritzara jo du gelditzea eskatzeko.
Lan erregulazioko txosteneko kontsultaldiak hilabeteko iraupena du. Epe hau gaindituta, Eusko Jaurlaritzak du azken hitza erregulazio honen gainean.
Bestalde, langileen ustez, urrian egindako bi eskaeren inguruan enpresari eskatutako azalpenek "enpresaren itxiera aldez aurretik pentsatutakoa dela berresten dute", eta Daewoori "ez zaio Gasteizen jarraitzea interesatzen".
Egoera honen aurrean, langileek mobilizazioak antolatu dituzte jada . Astearte honetan 12.00etan hasiko dira Andre Maria Zuriaren plazan.