Itxi

Politika

ETAko burua, atxilotuta

Rubalcaba: "ETAk bahiketa bat egiteko asmoa du oraindik"

Erredakzioa

Atzo ETAko ustezko buruzagi militarra eta beste bi kide atxilotu zituzten etxean bilur batzuk topatu zituzten. Horrenbestez, hipotesi hori indartu egin da.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ohartarazi du ETAk "bahiketa bat" egiteko asmoa duela "oraindik". Izan ere, atzo Ibon Gogeaskoetxea ETAko ustezko buruzagia, Beñat Aginagalde eta oraindik identifikatu ez duten beste pertsona bat atxilotu zituzten etxean bilur batzuk topatu dituzte.

Abenduan ere, ETA tankera horretako ekintza bat prestatzen zegoela ohartarazi zuen.

Atzo atxilotutako hirugarren pertsonari dagokionez, Rubalcabak esan du "seguru aski" gaur identifikatuko dutela. Dena dela, ETAn urte asko daraman militantea dela uste dute Segurtasun Indarrek. "ETA zaharrekoa den susmoa dute", zehaztu du.

Ser eta Cope irrati-kateetan egindako adierazpenetan, Barne ministroak aurreratu du agenteak atxiloketak egin zituzten etxean atzemandako materiala aztertzen ari direla.

Besteak beste, bi errebolber, pistola bat, lehergaia, detonatzaileak, material elektronikoa eta kanpin-dendak atzeman dituzte.

Uriaren eta Carrascoren hilketak

Ministroak azaldu du atzo Inaxio Uria enpresaburuaren alabarekin eta Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohiaren emaztearekin hitz egin zuela, haien hilketak atxilotuetako bati, Beñat Aginagalderi hain zuzen ere, egozten baitiote.

Bere hitzetan, biktimen senideek zapore "gazi-gozoa" daukate. "Aita edo senarra hil zuena atxilotu arte, zerbait falta zaie dolua hasi ahal izateko", gaineratu du.

ETAk hiltzeko "ahalmena eta borondatea" dauka

Rubalcabak ohartarazi du ETAk "hiltzeko ahalmena eta borondatea" duela, "une zaila" bizitzen ari bada ere.

Horren ildotik, gogorarazi du Segurtasun Indarrek "egunero" izan behar dutela eraginkortasuna, "baina haiek nahikoa dute behin baino ez izatea".

"Mugimenduak" ezker abertzalean

Bestalde, Barne ministroak aitortu egin du Batasunean "mugimenduak" daudela, baina "botoen edo bonben artean" hautatu beharko dutela gaineratu du.

"ETA indarkeria uzteko konbentzitu behar dute, edo ETAtik urrundu, baina anbiguotasuna ezin da onartu", nabarmendu du.