Politika
Normandian (Frantzia)
ETAren ustezko burua atxilotu dute, beste bi kiderekin batera
Erredakzioa
Ibon Gogeaskoetxea ez ezik, Beñat Aginagalde, Inaxio Uriaren eta Isaias Carrascoren ustezko hiltzailea, eta oraindik identifikatu ez duten beste pertsona bat ere atzeman dituzte.
Ibon Gogeaskoetxea ETAko ustezko buruzagi militarrak eta Beñat Aginagaldek, Inaxio Uria enpresaburuaren eta Isaias Carrasco zinegotzi ohiaren ustezko hiltzaileak, lehen gaua pasatu dute gaur Caen-eko (Frantzia) polizia-etxean, atzo Normandian atxilotu zituzten beste pertsonarekin batera.
Oraingoz ez dago argi noiz eramango dituzten Parisera. Izan ere, baliteke oraindik ere egun batzuez egotea Caenen, balizko zuloak eta ezkutalekuak topatzen laguntzeko.
Bien bitartean, Segurtasun Indarrek lanean dihardute hirugarren atxilotua identifikatzeko. Hasieran, Gregorio Jimenez Morales dela ziurtatu zuen Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, baina Guardia Zibilak baztertu egin du.
ETAn denbora luzea daraman militantea dela da ikertzaileek argi daukaten datu bakarra.
Rubalcabaren esanetan, Aginagaldek eta hirugarren atxilotuak talde bat osatzen zuten, eta atzeman zituzten unean azken argibideak jasotzen ari ziren, Espainian sartzeko.
Ustez gauzatu nahi zituzten ekintzen artean, ikertzaileek uste dute bahiketa bat egin nahi zutela, atzeman zituzten etxean bilur batzuk topatu dituztelako.
Etxe barruan bi pistola, hainbat txosten eta lehergaia ere atzeman dituzte.
ETAko buruzagia
Barne Ministerioaren arabera, Ibon Gogeaskoetxea 2009ko apirilean egin zen ETAko buru, hots, Jurdan Martitegi atxilotu zutenean. Eneko haren anaia ere zuzendaritzan dago, aipatu iturrien arabera.
Biak Bilboko Guggenheim museoan Espainiako Erregearen aurka atentatua egiten saiatu zen taldeko kideak ziren. Saiakera horretan, Txema Agirre Larraona ertzaina hil zuten.
Gogeaskoetxea buru izanda, ETAk Carlos Saenz de Tejada Garcia eta Diego Salva Lezaun guardia zibilak hil ditu.
Carrascoren eta Uriaren hilketak
Iazko martxoan, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Beñat Aginagalde atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen, bi atentatu terrorista leporatua: Inaxio Uria enpresaburuaren hilketa eta 2008ko urtarrilaren 16an Hernanin Ertzaintzaren aurkako eraso saiakera.
Epaileak ez zion Isaias Carrasco hiltzea egotzi, baina Barne Ministerioak uste du atentatuaren egile materiala dela.
Bost buruzagi bi urtetan
Polizia operazio honekin, bost dira jada Poliziak azken bi urteetan atxilotutako ETAko ustez buruzagiak.
Gogeaskoetxea atzeman baino lehen, Francisco Javier Lopez Peña, Thierry; Garikoitz Aspiazu Rubina, Txeroki; Aitzol Iriondo eta Jurdan Martitegi atxilotu zituzten.
Azken bi hilabeteetan, 32 pertsona atzeman dituzte ETAko kide edo laguntzaile izatea egotzita.