Gizartea
Kala berriz zabalik
Frantziak antxoa arrantzatuko ez duela bermatu nahi du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Arrantzale euskaldun eta frantziarrek adostu zuten akordioaren arabera, euskal herritarrek 5.400 tona antxoa harrapatu ahal dituzte, eta frantziarrak 1.600, ekainetik aurrera.
Pilar Unzalu Arrantza sailburuak bermatu egin du Eusko Jaurlaritza adi egongo dela Frantziako arrantzaontziek antxoa harrapa ez dezaten ekainera bitartean; hortik aurrera bai arrantzatu ahal izango dute, arrantzale euskal herritarrekin adostutakoaren arabera.
Aipatutako akordioak dioenez, euskal herritarrek 5.400 tona antxoa harrapatu ahal izango dituzte martxotik aurrera, eta frantziarrak, ordea,1.600 ekainetik aurrera.
Akordioa Europar Batasunak kalan arrantzatzeko baimena zabaldu ostean etorri zen, 2005ean itxi ondoren, antxoa kopurua asko jaitsi zelako gune horretan.
Unzaluk kala berriz irekitzeko asmoz Jaurlaritzaren ekimenak azpimarratu ditu eta ezeztu egin du Frantziari ez zegokion ezer eman izana. "Mundu guztiak argi zuen akordioa beharrezkoa zela" eta, nabarmendu duenez, "bakarrik negoziatuz lortzen da".
Euskal arrantzaleen eta Kantauri itsasoko guztien interesak lehenetsi dituztela esan du sailburuak, eta Eusko Jaurlaritzaren lanak, kala berriz zabaltzeko, "eraginkorrak" izan direla nabarmendu du.