Albisteak
Bartzelonan eta Coruñan
Delorean, Sonar 2010 jaialdian
Garazi Urdanpilleta
Ekainaren 17tik 19ra egingo da jaialdia eta, talde zarauztarraz gain, Mary Ann Hobbs, Air, LCD Soundsystems, King Midas Sound, Joy Orbison, Roska, Zomby eta Broadcast izango dira.
Musika Aurreratuaren eta Arte Multimediaren XVII. jaialdia, 2010eko Sonar jaialdia, itxura hartzen hasi da. Ekainaren 17tik 19ra izango da jaialdia eta, aurten 2 kokaleku izango ditu Bartzelona eta Coruña. Bartzelonan 180 talde eta artista inguru arituko dira zuzenean eta Galizian, berriz, 30. Gainera, Londresen Sonar jaialdiaren atariko jaia egingo dute "A Taste of Sónar" izenburupean eta 30 bat artista arituko dira bertan zuzenean.
Delorean da aurtengo Sonar jaialdiko kartelean topatu dugun izen euskaldun bakarra. Gainontzean, zapore britainiarra izango du gehien bat. Mary Ann Hobbs, King Midas Sound, Joy Orbison, Roska, Zomby, Broadcast, Fuck Buttons eta Necro Deathmort dira Erresemua Batutik iritsiko diren taldeetako batzuk.
Air talde frantsesak eta LCD Soundsystem amerikarrak jaialdiaren bi kokalekuetan joko dute eta Bartzelonako kartelburuak izango dira Jonsirekin, Sigur Roseko kantariarekin, Hot Chipekin eta The Chemical Brotehrsekin batera. Sonar 2010era iritsiko dira, halaber, 2manydjs, Dizee Rascal, Plastikman, Matthew Herbert, The Slew feat. Kid Koala, Sugarhill Gang eta Cluster.
Izen gehiago iragartzen joango dira pixkanaka antolatzaileak.