Ekonomia
Europako Batzordea
Bruselak atungorriaren salerosketa debekatzea proposatuko du gaur
Erredakzioa
Dena dela, proposamenak salbuespenak izango ditu artisau arrantzan, Europar Batasunaren merkatua asetu ahal izateko.
Europako Batzordeak atungorriaren nazioarteko salerosketa debekatzea proposatuko die gaur Hogeita zazpiei, baina proposamenak salbuespenak izango ditu artisau arrantza ez debekatzeko, Europako merkatua asetzeko helburuz, EBko iturriek azaldu dutenez. Neurria 2011 urtean sartuko litzateke indarrean.
Europar Batasunak bere jarrera ezarri beharko du, martxoaren 13tik 25era Qatarren egitekoa den Desagertzeko Mehatxuan dauden Animalien eta Landareen Merkataritzari buruzko Batzarrari begira, han ere hizpide hartuko baitute atungorria.
Bruselak ez du nahi "berehala" debekatzea atungorriaren esportazioa, baizik eta debekua defendatzea arrain horren egoerari buruz azaroan egingo duten nazioarteko batzar batean, proposamena "hurrengo urtean" sar dadin indarrean.
Europako Parlamentuko osoko saioak atunontziaren merkataritza debekatzea eskatu du hilabete honetan, elkarte ekologisten eskakizunekin bat eginda, animalia desagertzeko arriskuan egon bailiteke.
Europako Batzordea 27 estatu kideak norabide horretan jartzen saiatu zen, baina Mediterraneoko herrialdeek, tartean Espainiak eta Frantziak, aurka egin zuten, eta arrantza debekatzea baino, murriztea nahiago izan zuten.
Duela gutxi, Frantzia eta Italia jarrera aldatzeko prest agertu ziren, baina Parisko Gobernuak debekua mailaka ezartzea eta sektoreari laguntzak ematea nahi du. Espainiak, Maltak, Greziak eta Txiprek ere Batzordearen proposamenaren aurka egin zuten.
Elena Espinosa Ingurumen ministroak saihestu egin du azken hilabeteetan Espainiaren jarrera argitzea, Bruselaren behin betiko iritzia ezagutu arte.
Batasunaren iturriek azaldu dutenez, Frantziaren eta Italiaren jarrera aldaketak erraztu egin lezake debekua onartzea. Gainera, Espainia EBko txandakako presidente izanik, ez dute uste erabakia blokeatuko dutenik.
Espainia Europar Batasunean kuota handiena duen herrialdea da atungorriaren arrantzan. Hain zuzen ere, Espainiako arrantzaleek 2.526 tona harrapa ditzakete (herrialde guztien artean 7.104 tona harrapatu ditzakete).
Atungorria balio handiko produktua da nazioartean, batik bat Japonian, baina espezia arrisku larrian dago, gehiegi arrantzatu delako.