Itxi

Politika

Bilera Portugalen

ETA Portugalen ezartzea galarazi izana txalotu du Rubalcabak

Erredakzioa

ETAk Katalunian base bat jarri nahi zuela baieztatu du Barne ministroak eta ez du baztertu Portugalen oraindik ere "zerbait" izatea. ETAren aurka egiteko talde bat osatzea adostu dute bi herrialdeek.

Poliziaren azken operazioen ostean, ETAk Katalunian eta Portugalen ezartzeko zuen asmoa ekidin izanagatik zoriondu da Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa Lisboan. Azaldu duenez, "Frantzian dituen arazoak direla-eta logistika banatu nahian dabil ETA", baina Katalunian eta Portugalen jada "ez du lortuko".

Zentzu horretan, Faustino Marcos iragan asteartean atxilotutako ETAko ustezko kideak Katalunian base bat ezartzeko agindua zuela onartu du Rubalcabak. Bestalde, Portugalen ETAk zuen azpiegitura gehiena desegin dutela esan du, Obidosen egindako operazioaren ostean, baina oraindik "zerbait" izatea "ez du baztertu".

Rui Pereira Portugalgo Barne ministroarekin Lisboan bildu ostean egin ditu adierazpenak Rubalcabak. ETAren kontra borroka egiteko talde bat osatzea adostu dute bi Estatuek. Ministroaren arabera, "banda logistika banatu nahian dabil, Frantzian gauzak gaizki dituelako".

Azpiegitura

Azpiegitura bakarra Obidosen zuena ote zen galdetu diotenean, "Portugalen etxeren bat, zerbait, militanteren bat geratzea" ez dutela baztertzen erantzun du Barne ministroak. "Ez dugu frogarik baieztatzeko, baina ETAk Portugalen zuen azpiegitura gehiena jadanik ez du", erantsi du.

"ETAk lehergailuak Portugalen jarriko ez" zituela argi dagoela azaldu du ministroak.

Obidoseko operazioa egin baino lehen ETA Portugalen izan zitekeela uste zuten, baina base finkorik zuenik ez zuten uste, Rui Pereirak azaldu duenez.